Ainize Lizarralde antzuolarragaz batera, El conquistador del Caribe saioko irabazlea zara. Zelakoa izan da abentura horretatik pasa izana?
Gogorra, oso gogorra. Egunero, 24 orduetan, segundo bakoitzeko zer edo zer berria pasatzen zitzaigun. Bi aste gindoazenean bazirudien hiru hilabete generamatzala bertan. Etxean, hara joan aurretik, gosea gogorren egingo zitzaidana izango zela uste nuen, baina, azkenean, moskitoak izan dira okerrena: arroparen azpitik sartzen zitzaizkigun, eta uneoro ziztatzen ziguten. Gosea, azken finean, denborarekin ohitzen zara, eta, garrantzitsuena, buruan lasaitasuna mantentzea da. Abentura honen ondoren atera dudan ondorioa da den-dena buruan dagoela: gorputzak dena aguantatzen du; buruak, aldiz ez, nahikoa da esaten duenean, akabo.
Eltxoez gain, zer egin zaizu okerren saio horretan?
Beharbada, janaria mugatzea. Hasieran, zazpi sardina-lata, arroz gordin pixka bat, artahia, fruitu lehorrak eta zazpi barra eman zizkiguten. Eta horrekin guztiarekin aguantatu behar izan dugu abentura osoa, izan hiru egun edo izan 30, eta ez da erraza. Izan ere, dueluak genituenean, garrantzitsua zen ondo jatea, indarra izateko, baina aldi berean pentsatzen genuen ea zelan aguantatuko genuen janaririk gabe beste aste bat gelditu beharra bagenuen. Hori izan zen arazorik handiena niretzako. Hori kenduta, bestela, nik uste dut ondo eraman dudala abentura.
Julian Iantzi eta David Seco aguantatzea ere zaila izan da, denbora guztian ibili direlako zirikatzen, egurra ematen. Nik hasieratik banekien ez nintzela joko horretan sartu behar, azkenean okerragoa izango litzatekeelako. Egia da saioa reality bat dela, eta halaxe estutzen saiatuko zirela. Baina, ni, uneoro ibili nintzen paso egiten. Zerbait galdetzen zidatenean erantzuten nien, baina, bestela, nahiago nuen isilik mantentzea. Niretzat hori lehiaketa bat zen, eta horretan ibili nintzen, lehian.
Ildo horretan, zelakoak izan dira gainontzeko lehiakideakaz izan duzun harremana?
Oso sakonak izan dira. Azken finean, oso egoera zailak bizi izan ditugu, egunean 24 orduz pertsona berdinekin. Orokorrean, oso harreman onak egin ditugu, eta abenturaren ostean pilo bat geldialdi egin ditugu. Dena dela, baten bat nabarmendu beharko banu, Ibanekin izan dudana izango litzateke. Berarekin izan nuen lehenengo kontaktua, taxian joan nintzelako Bilbora berarekin, eta han, Santo Domingon (Dominikar Errepublika ), hotelean, egoerak eta estrategiak aztertzen ibili ginen.
Etxera bueltatuta, zure ibilbide osoa jarraitu duzu telebistan. Zelan ikusi duzu zure burua?
Ilusioa egin dit, eta negar egin dut bi kapitulu ikusita. Ia amaieran duelu bat izan nuen, eta hunkitu nintzen nire lagunen etxean ikusi nuelako hori. Horretan, ozta-ozta gainditu nuen froga, eta, azkenean, irabaztea lortu nuenean denak oihuka hasi zirenean emozionatu egin nintzen. Gainera, asko gustatu zait jendeak egin didan harrera, inguruko askok eskaini didatelako saioak eurekin ikustea. Amamak ere gauero esaten zidan berarentzat ni nintzela garailea, ez nuelako hitz itsusirik esan, kar kar. Beraz, asko disfrutatu dut, ez dudalako inorekin arazorik izan.
Garaile izan zinela berton, Euskal Herrian, zeundela jakin zenuen, denok bezala. Baina, zaila izan zaizu finalera heldu zinela sekretuan gordetzea?
Ez nion inori esan. Ingurukoek bazekiten asko iraun nuela abenturan, luze ibili nintzelako kanpoan. Baina, irabazi ote nuen galdetzen zidatenean, nik beti berdina erantzuten nuen: “Nahiko nuke nik irabaztea, baina ez dakit nork irabazi duen”. Eta egia zen! Ez nengoen gezurrik esaten. Hasiera batean, uste genuen proba batekin erabakiko zutela irabazlea nor izango zen, baina azkenean ez zuten egin.
Espero zenuen emaitza hori?
Egia esan, ez. Apur bat gazi-gozoa izan da, handik bueltatu nintzenetik finala eman zutenera arte gogor entrenatzen ibili naizelako. Izan ere, haiek guri esan ziguten finalaren bigarren fase bat egongo zela hemen, Euskal Herrian. Ez genekien non eta noiz izango zen, baina Julian Iantzik horixe esan zigun. Hala, Aini eta biok prestatzen ibili gara zortzi hilabetez jo eta su. Halaber, fisikoa zaindu dut, argaldu naiz arinago aritzeko eta crossfit txapelketak alde batera utzi ditut denbora tarte horretan lesionatzeko beldurrez. Gainera, platora joan baino astebete lehenago, arduradunek esan ziguten finalean erabilitako arropa eraman behar genuela, eta, ondorioz, pentsatu genuen egun horretan bertan egingo genuela proba. Baina, azkenean, ezer: biok txapeldun. Oso pozik nago, baina sentsazio gazi-gozoa daukat oso lehiakorra naizelako.
Finaleko proban, hasiera-hasieratik ibili zinen jaun eta jabe. Halere, azkenengo momentuetan, Ainizek harrapatu zintuen jumarra egiten. Zelan bizi izan zenuen une hori?
Egia da tarte handia atera niela hasieratik gainontzekoei, baina, apurka-apurka, hasi nintzen ikusten Aini gero eta arinago zebilela eta hurbilago zegoela nigandik. Urduritu nintzen, baina, azkenengo momentuetan bera animatzen eta guzti hasi nintzaion. Abenturako laguna izan da, eta oso ondo ibili naiz berarekin.
Bestalde, jumarra oso gogorra izan zen, besaurreak puztuta neuzkan ia 65 metroak pultsuan gainditu nituelako. Dena dela, une horietan pozik nengoen, alde batetik, banekielako irabazi edo berdinduko nuela, eta, bestetik, abentura bukatuko zelako. 26 egunen ondoren, etxera bueltatzeko gogo handiak nituen.
Bueltatuko zinateke?
Bai, % 100. Lehiakide moduan ez dakit; ez dut uste aukera izango nukeenik, ezin izango dudalako egin dudana baino gehiago eskaini. Baina, kapitain gisa edo, asko gustatuko litzaidake.
Zergatik aurkeztu zinen iaz casting-era?
Bada, egia esan, nik inoiz ez dut El conquistador del Caribe ikusi, bakarrik iazko edizioa, hamazazpigarrena. Baina, duela urte asko, jendea hasi zitzaidan esaten aurkezteko casting-era, horretarako profila dudalakoan. Hala ere, nik paso egiten nuen, ez zaizkidalako show-ak gustatzen, ezta kamera aurrean egotea ere. Abentura bai, erakartzen ninduen, baina beste guztia ez. Iaz, baina, crossfiteko lagun batzuek esan zidaten aurkeztuko zirela, eta eurekin joan nintzen probatzera. Eta halaxe.