Aurreko otsailean, Iñigo Gutierrez algortarrak hirugarren gradua eskuratu bazuen ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak bigarren gradura bueltarazi zuen, Fiskaltzak aurkeztutako helegitearen ondorioz; argudiatu zuten algortarrak ez ziela ETAren biktimei barkamena eskatu. Horren ondorioz, Gutierrez Arabako Zaballako espetxera itzularazi zuten, eta bost hilabete gehiago egin behar izan zituen espetxean. Guztira, algortarrak 14 urte bete ditu preso, 2008an atxilotu zutenetik.
Algortako Sarek graduen errekurtsoak "mendekuaren politikan" oinarrituta daudela salatu eta kanpaina egin zuen Izadi, Gutierrezen alaba, gurasoengandik ez banatzeko; izan ere, iragan urtarrilaren 23an umeak hiru urte bete zituen eta kartzelatik atera behar izan zen, bere ama Maria Lizarragagaz bertan bizi ondoren. Horren eraginez, Izadi motxiladun ume bilakatu zutela salatu zuten.
Bestalde, Etxerat-ek sare sozialen bidez azaldu duenez, baldintzapean aske ziren beste preso bi behin betiko aske geratu dira egunotan: Idoia Martinez eta Xabier Agirre; 24 eta sei urte bete dituzte espetxean, hurrenez hurrenez.