Paella lehiaketaren eragina gutxitzeko neurri gehiago iragarri ditu Getxoko Udalak

Ander Zarraga 2022ko uzt. 20a, 18:55

Aixerrotako zelaietako ingurumena zaintzeko helburuagaz, Getxoko Udalak hondakinak biltzeari, segurtasunari, ebakuazio-bideei eta hobekuntzei dagozkien neurriak iragarri ditu. Udalak 2018tik darama Nazioarteko Paella Lehiaketan segurtasuna areagotu eta inpaktua murrizteko neurriak hartzen, eta aurten, besteak beste, pinudian etxolak jartzea debekatuko du.

Hartuko diren neurrien artean, aurten, pinudira sarbidea zigilatuko dute, bertan etxolak egitea ekiditeko; horretaz gain, eremu naturalarekiko errespetua sustatzeko kartelak ere jarriko dituzte. Udalak aurreko barikuan azaldu zituen neurriok eta beste batzuk iragarri zituen, hala nola bideak irekitzea pinudiaren inguruan garbiketa-kamioiak sar daitezen, eremu ofizialaren perimetroan argi-puntuak jartzea, ura eta mahukak jarriko dituzte hiru kokapenetan, larrialdietako ibilgailuentzako eta udal-zerbitzuetarako segurtasun-sarbideak prestatzea eta edukiontzien kopurua handitzea.

Horretaz gain, aurreko urteetan Getxoko Kultur Etxeak egin duen legez, aurten ere, bide-ingeniari batek eta gizarte-hezitzaile batek osatutako lan-talde bat kontratuko du, esparru ofizialaren pareko festan parte hartzen duten kuadrillakaz bitartekaritza-lana egin dezaten. Lantalde horrek kontuan hartu beharreko hainbat neurriri buruzko informazioa eta aholkuak emango ditu, batik bat, segurtasunaren garrantzia eta ingurumenarekiko errespetuaren inguruan kontzientzia sortzeko, hain zuzen ere.

Bitartekaritza talde horren lana ekainaren 29an hasi zela azaldu du Udalak, eta ekitaldiaren aurreko egunera arte jarraituko du 2018 eta 2019an egin zuten bezala. Lan-taldea urte horietako bera denez, kuadrilla gehienakaz harremanetan jarri dira daborduko, bien arteko komunikazio errazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun