Lope de Vegako auzia

Ibar Nagusien Etxeko bazkideek ez dute udal-eraikina utziko

Ander Zarraga 2022ko uzt. 22a, 12:01

Udal-eraikin horiek eraistearen kontrako hamaika mobilizazio egin dituzte urteotan.

Getxoko gobernu-taldeak uztailaren 26a ezarri zuen nagusien etxea husteko azken epemuga, eta, horretarako, Ertzaintzaren brigada mugikorra bidaltzeagaz mehatxatu zuten. Hala ere, udal-eraikinen eraisketaren aurka dagoen plataformako kideek eraikinean jarraitu eta egun horretan protesta baketsua egingo dutela iragarri dute; izan ere, eraisketaren aurka jarritako errekurtsoen emaitzaren zain jarraituko dutela iragarri dute.

Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek gogor salatu dute gobernu-taldearen jokabidea behin baino gehiagotan, eta uztailaren 26ra bitartean, kartelak jarriz eta herritarrak informatuz bere horretan jarraituko dutela azaldu dute, nagusien etxeagaz gertatzen ari dena salatzeko kanpaina bategaz.

Hala ere, ekimen garrantzitsuena astelehen iluntzean hasiko dute, uztailaren 25ean Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko udal-eraikinean elkartuko baitira bertan gaua igarotzeko. Hurrengo egunean, eraikina husteko azken egunean, bertan jarraituko dute, eta, horretarako, egun osorako jarduerak prestatu dituzte, hala nola ekintza ludikoak, herri-bazkaria eta bingo masiboa.

Iluntzera arte egongo dira, Udalak hartu dezakeen erabakiaren zain. Paco Rama Ibar Nagusien Etxea elkartearen presidenteak azaldu duenez, aurkeztu dituzten errekurtsoen ebazpenei itxaron behar dio Udalak ezer egin aurretik. Hala ere, gobernu-taldea edozer egiteko prest dagoela uste dutela azaldu du, eta Ertzaintzaren brigada mugikorra bidaliko dutela mehatxu egin diete nahitaezko hustea egiteko, baita zigor ekonomikoen mehatxuak egin ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun