Lope de Vegako auzia

Getxoko Udalak uztailaren 26a ezarri du Lope de Vega eraikinak husteko epemuga

Iker Rincon Moreno 2022ko uzt. 14a, 10:40

Udal-eraikin horiek eraistearen kontrako hamaika mobilizazio egin dituzte urteotan.

Uztailaren 26an, martitzenean, nagusien etxearen eraikina husteko azken eguna izango dela jakinarazi dio Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) Ibar Nagusien Etxeari. Jakinarazpen hori igorri zioten atzo, uztailaren 13an, elkarteari eta, borondatez eraikina utziko ez balu, Ertzaintzaren brigada mugikorra bidaliko dutela mehatxu egin dute nahitaezko hustea egiteko, baita zigor ekonomikoen mehatxuak egin ere, elkarteak berak deitoratu duenez.

Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek gogor salatu dute gobernu-taldearen jokabidea behin baino gehiagotan, baita nagusien etxean mantentzeko nahia azpimarratu ere. Ildo horretan, Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko udal-eraikinak eraistearen kontrako Romo Plataformak Ibar Nagusien Etxea elkarteari egiten ari zaion jazarpena salatu eta elkartasuna adierazi diote.

Ibar Nagusien Etxekoek zabaldutako adierazpenaren arabera, gobernu-taldeak Udalaren jabetzakoak diren higiezinak berreskuratu gura ditu, Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dauden nagusien etxea eta euskaltegia, hain zuzen ere. Horretarako, lehenengo eraikina darabilenei hura uztailaren 26a baino lehen husteko agindu die, "udal-ondasun usurpatua jatorrizko egoerara itzul dezan, libre eta Getxoko Udalaren esku utziz". Hori egin ezean, zigor ekonomikoak ezarriko dituela ohartarazi dute udal-arduradunek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun