Ibar Nagusien Etxea elkarteak ekainaren 24a baino lehen utzi beharko du Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko udal-eraikina. Hala jakinarazi zion maiatzaren 24an Udalak elkarteari, bilera batean, eta, udal-iturriek azpimarratu dutenez, gune horretan eraikiko duten belaunaldien arteko zentro berrian lekua uzteko prest dagoela berretsi zuen ere gobernu-taldeak. Hala ere, irtenbide hori nahikoa ez dela ohartarazi zuen azkenengo bileran elkarteak, eta hala jakinarazi zioten Udalari, Paco Rama elkartearen presidenteak azaldu duenez.
Ramak azpimarratu du bera buru duen elkartea ez dagoela belaunaldien arteko zentroaren proiektuaren aurka, baina bai non egin gura duten kontra, "beste edozein lurzoru erabil zezaketen halako proiektu bat egiteko". Izan ere, nagusiek ez dute bertatik mugitu gura, egunero-egunero askotariko tailerrak eta ikastaroak egiten dituztelako bertan, modu autogestionatuan. "Asterik astera 300 erabiltzaile baino gehiago igarotzen dira hemendik, eta utzi nahi diguten leku berriak ez du bermatuko orain arteko funtzionamendua", deitoratu du Ramak. Hori dela eta, eraikina eraistearen kontrako borrokari eutsiko diotela iragarri du, "ahal dugunera arte". Hala, besteak beste, ekainaren 23an itxialdia egingo dute bertan, eta, hurrengo egunean, herri-bazkaria eraikinaren sarreran, "eraikinaren zigilatzea galarazteko eta ikus dezaten Udalaren erabakiaren kontra gaudela".
Auzoan oso errotuta dagoen elkartea da Ibar Nagusien Etxea, 6.000 bazkide baino gehiago dituena. Izan ere, adinekoentzako gimnasia saioak eskaintzen ditu astero, baina baita pintura, patchwork, pilates, tai xi eta euskara ikastaroak ere, besteak beste. Gainera, billarrak eta ariketa fisikoak egiteko makinak dituzte eta, hilez hil, hamaika jarduera antolatzen dituzte: "Berbarako, ekainaren 21ean Pagoetara joango gara mendian ibiltzera, eta, irailerako, Toscana (Italia) bisitatzeko zortzi eguneko bidaia antolatu dugu bazkideontzako". Halaber, auzoa dinamizatzeko ekintzak egiten dituzte baita ere, hala nola inauterietako mozorro- eta tostada-lehiaketak zein jaietako 75 urtetik gorakoentzako herri-bazkariak, eta auzoko edozeinek euren instalazioak erabiltzeko aukera eskaintzen dutela nabarmendu du Ramak.
Hori dela eta, "eraikin historiko" gisa katalogatuta dagoen azpiegitura hori mantentzeko borrokan jarraituko dutela iragarri du Ibar Nagusien Etxea elkarteko presidenteak: "Urte eta erdi daramagu egunero-egunero eraisketaren kontrako protestak egiten Xake plazan, eta halaxe jarraituko dugu.
Nagusien Etxea husteko epemuga baino egun bi lehenago, ekainaren 22an, manifestazioa egingo dute auzoan, eta horretan parte hartuko dutela esan du Ramak. Mobilizazioa Eraisketari Ez - Romo plataformak deitu du, eta 20:00etan jarri dute hitzordua, Lope de Vega kaleko 12 zenbakian. Plataformak azaldu duenez, "eraikin hauek gure bizitzaren, historiaren eta paisaiaren parte dira. Iraganaren oroimenak zentzua du, nortzuk garen eta nondik gatozen ulertzen laguntzen digulako; horregatik diogu eraikin horiek balio ondarea dutela". Ildo horretan, eraikinok auzoaren beharrei erantzuteko eraiki zirela eta horrela jarraitzea gura dutela aldarrikatuko dute manifestazioan. Protestak udalerriko hamaika elkarteren atxikimendua jaso du.
Getxoko Udala, "entzungor"
Ramak gogoratu duenez, joan den maiatzaren 8an Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinon etorkizuna erabakitzeko herri-kontsulta egin zuten. Horretan, 1.500 lagun baino gehiagok bozkatu zuen, eta iritzien % 98a eraistearen kontrakoak ziren. Ildo horretan, Ibar Nagusien Etxeko presidenteak deitoratu du Udalak ez duela ezertxo ere esan horren inguruan, eta azpimarratu du Udala bera izan behar zela bozketa hori egin behar zuena, "herritarren erabakia, edozein izanda ere, onartu beharko lukete eta genuke".
Era berean, duela hilabete batzuk, eraikinok mantentzearen aldeko 4.000 sinadura baino gehiago aurkeztu zituzten, baina horretan ere "Udala entzungor egon da".
Horren harira, Ramak gobernu-taldean EAJgaz batera dagoen PSE-EEren jokabidea salatu du, hauteskunde-kanpainan eraistearen kontrako postura irmoa aurkeztu zuelako bere hautagaiak, "baina orain programan ziotenaren kontra aritzen ari dira".