Manex Zubiaga Bravo algortarra eta beste 11 euskal preso EAEko kartzeletara hurbilduko dituzte

Ander Zarraga 2022ko abu. 3a, 12:33

Mex Zubiaga algortarra bere senideakaz. © SORTERRIA

Hainbat hilabetetako etenaldiaren ostean, euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko prozesuak martxa hartu du, eta Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak janarazi duenez, 12 preso EAEko presondegietara mugituko dituzte, tartean, Burgosen kondena betetzen dagoen Manex Zubiaga.

Atzo, abuztuak 2, egin zuen iragarpena Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak, Lakuako Gobernuagaz lankidetzan, iazko urritik baitu eskumena. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu zein kartzelatara eramango dituzten hurbilduak izango diren 12 euskal presoak, Zaballara, Basaurira edo Martutenera. 

Zubiaga 2009ko urriaren 14an espetxeratu zuten eta 40 urteko zigorra betetzen ari da Burgoseko kartzelan hilketa saiakera, triskantza eta arma eta munizioak gordetzeagatik; kondena horren hiru laurden beteko ditu 2030ean. Burgoseko kartzelan preso egon den bitartean, kazetari-lanetan aritu da La voz del patio aldizkarian.

Albiste honegaz, euskal presoen hurbiltze-prozesuak erritmoa berreskuratu du, zenbait hilabetez geldituta egon ostean. Etxeratek eta Sarek aurreko ekainean etenaldi hori salatu zuten, eta gogoratu zuten oraindik 83 preso daudela Euskal Herritik kanpoko kartzeletan; hala ere, azken hurbilketei eta kartzelatik aterako direnei esker, zenbaki hori 60tik behera bajatuko dela ere jakinarazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun