Euren jarduna "kriminalizatzeko" Ertzaintzak egindako saiakera arbuiatu du Algortako Mugimendu Feministak

Iker Rincon Moreno 2022ko abu. 18a, 19:34

Algortako Mugimendu Feministak Ertzaintzak eta Segurtasun Sailak zabaldutako bertsioa gezurtatu du eta, berriro ere, ziurtatu du euren taldeko kideak izan zirela ziztadaren biktima artatu eta anbulantzia bat eskatzeko SOS Deiak-era deitu zutenak. Era berean, nabarmendu dute inola ere ez zutela Ertzaintzaren jarduna oztopatu, hainbat hedabidek zabaldu dutena gezurtatuz. Hori dena azaltzeko, agerraldi publiko jendetsua egin zuten atzo, eguaztenean, Algortako Portu Zaharrean.

Irakurritako oharra, osorik

Hasteko, mila esker, bihotzez, gaurko prentsaurrekoan elkartu zareten guztioi, norbanako zein eragileei. Eta mila esker, gaur hemen egon ezin izan zareten baina zuen babes mezuak helarazi dizkiguzuen herrikide eta elkarte guztiei. Zenbatu ezinak dira Algortatik zein beste hainbat herritatik jaso ditugun animoak eta zinez eskertzen ditugu, guretzat oso garrantzitsua da gugan sinisten duzuenak asko zaretela jakitea. Beraz, esker mila!

Eta nola ez, elkartasun osoa auzipetuta dauden Mugimendu Feministako gure bi kideei. Zuekin gaude eta egongo gara, uneoro. Guk dakigun bezala erantzungo diogu egoera bidegabe honi, modu kolektiboan eta elkar zainduz. Biba zuek eta biba gu!

Atzo goizean, El Correo egunkariak gezurretan oinarritutako berri bat plazaratu zuen, zeinetan Ertzaintzako ESAN sindikatuaren adierazpen faltsuak jasotzen zituen. Ez goaz beraien deklarazioak aintzat hartzera ere. Komunikabide bakoitzak ikus dezala noren errelatoa jasotzen duen, norena ez, eta zergatik. Horrez gain, Ertzaintzaren beraren kontaketa ere jaso da beste hainbat komunikabidetan, eta honek ere hainbat informazio ezkutatu eta beste hainbeste gezur biltzen ditu. Suminduta gaude, komunikabide horiek ez dutelako dagokien lana egin gurekin informazio hori kontrastatu eta gure testigantza ere islatzeko. Eta izan ere, horietan idatzitakoa igande goizaldean gertatu zenetik asko urruntzen da.

Portu Zaharreko jaietako igande goizalde hartan, bi emakume gaztek ziztada bat jasan zuen beste emakume gazte bat jaso zuten. Anbulantziarik topatu ez zutenez, azkenerako txosna batera jo zuten laguntza eske eta erasoa salatuz. Bertan, Mugimendu Feministako gure bi kideek artatu zuten erasoa jasan zuen neska gaztea. Leku seguru eta lasai batera eraman zuten, eta ziztada jaso zuela esan bezain laster, kideetako batek 112ra deitu zuen, osasun arreta bermatzeko anbulantzia eskatuz. Jaietarako prestatutako protokoloak halaxe zioen, Ertzaintzaren zein Eusko Jaurlaritzaren protokoloei jarraiki. Aldi berean, Portu Zaharreko Jai Batzordea ere jakinaren gainean jarri zuten. Erasoa jasan zuen neska adin txikikoa zela jakiterakoan, berehala haren gurasoak ere deitu zituzten, gertatutakoa azalduz eta egoeraren nondik norakoen berri ematen segituko zutela aginduz. Prozesu guzti hau, erasoa jasan zuen neskarekin batera eman genuen, bera egiten ari ginen pauso guztien jakitun zelarik.

112tik deia Ertzaintzara bideratu zuten, eta Mugimendu Feministako gure kideak zegokion polizia-agenteari ere egoera azaldu ostean, honekin koordinatu zituen hortik aurrera eman beharreko urrats guztiak. Anbulantzia erasotua zegoen tokira iritsi ezin zela eta, emakumea anbulantzia zegoen tokiraino eramateko modua adostu zen. Lekualdatzea modu egokienean (berbiktimizaziorik gabe) eta erasotuarentzako inguru erosoenean eman zedin, hasieratik eta uneoro bera artatu zuen Mugimendu Feministako kidearekin batera joango zirela adostu zen Ertzaintzarekin, eta honek anbulantziaren kokalekua eman zion. Hain zuzen ere anbulantziara joateko ateratzear zeudenean sartu ziren bost bat gizon, ustez kalez jantzitako poliziak (nahiz eta udaltzain batek soilik bere burua identifikatu), modu bortitzean eta erasotuarentzako tentsio eta ezegonkortasun giroa sortuz. Azkenerako, euren modura anbulantziara eraman zuten, aurrez adostutakoari muzin eginez eta erasoa jasan zuen emakumearekin konfiantza landu zuten kideak atzean utziz. Artatze lanak modu hurbilean, profesionalean eta kalitate handiz egin zituen Mugimendu Feministak, ez aldiz bertaratutako agenteek. Eta argi utzi nahi dugu; inork, inongo momentutan, ez zuen oztoporik jarri, momentu hartan poliziaren jokabidea erabat desegokia zela iritzi arren.

Hala ere, Mugimendu Feministako bi kide horiek anbulantziara bertaratzea erabaki zuten, artatutakoaren egoera zein zen jakin eta haren amari horren berri eman nahian, aurretik halaxe agindu baitzioten honi. Orduantxe jo zuten, modu zakarrean, kalez jantzitako bi poliziak gure kideengana, identifikatu eta salaketa jarriko zietela esanez, Ertzaintzari bere lana oztopatu izana argudiatuta.

Eraso polizial eta judiziala jaso duten bi kideak dira, hain justu, egun hartan 112ra deitu, gurasoekin harremanetan jarri eta Ertzaintzarekin urrats guztiak koordinatu zituztenak. Hortaz, egin diren adierazpen faltsuak atzera botatzea eta Mugimendu Feministako gure bi kideen aurkako salaketak berehala bertan behera uztea exijitzen dugu.

Ez dugu onartuko, era berean, fokua desbideratu eta indarkeria matxistak suposatzen duen gaitz soziala hutsaldu eta bigarren plano batean uzterik. Guk argi dugu arreta non jarri behar dugun eta zein den gure eginbeharra; egunero-egunero zapaltzen eta erasotzen gaituen sistema cisheteropatriarkala errotik iraultzera goaz, bestelako jendarte bat eraikitzera. Eta norabide horretan, bidea gurekin egiteko prest dauden guztiekin elkarlana bilatuko dugu, beti egin dugun bezala. Baina hori bai, Mugimendu Feminista, gu eta gure lana zein gure funtzio berebizikoa aitortzea ezinbestekoa da.

Aldiz, Mugimendu Feminista kriminalizatzeko eta jo puntuan jartzeko estrategia politiko orori irmotasunez erantzungo diogu. Argi dugu sistema kapitalista sostengatu eta iraunarazi nahi dutenentzat deserosoak garela, eta zilegitasuna kendu nahiko digutela. Baina jakin dezatela: jarraituko dugu militante feministak izaten, eta batez ere, segituko dugu euskal zaintza publiko komunitarioa aldarrikatzen; atzerritartasun legea atzera bota dadin exijitzen; gorputza eta sexualitatearen inguruko begirada ez-binarioa sustatzen eta harreman askatzaileak marrazten… Jarraituko dugu eraso matxistarik gabeko Euskal Herri feminista bat eraikitzen!

GORA BORROKA FEMINISTA!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun