Elkarrekin Podemos-IU koalizioko batzarkide Xabier Benitok gogoratu du Itxas Argia taldeak antolatzen duen paellen jaiegun horretan hondakin ugari sortzen dira. "Giro ona izan arren, gero eta handiagoa den ingurumenaren gaineko inpaktuak festak jartzen ditu fokuan", deitoratu du.
Jai-eremu ofizial eta ez-ofizialaren harira, bigarren horretan zurezko etxolak jartzen direla gogoratu du, "batzuetan zorua zementatuz eta zuhaixkak kenduz, eta inguruko pinudi batean ere esku hartzen da".
Azken urteotan, Getxoko Udalak askotariko neurriak jarri ditu martxan inpaktu hori kontrolatzeko, hala ere, koalizio horretako batzarkideentzat neurri horiek "ez dira nahikoak".
"Udalaren ekintzak ez dira berriak, aspalditik inplementatzen ari dira, eta ingurumen-inpaktua etengabe hazi da", ondorioztatu du.
Azkenik, Benitok argitu du bere taldea jai horren alde dagoela, betiere ingurumena zainduta: "Paellak egiten jarraitzea nahi dugu, baina gure ingurunea zainduz. Gainera, jaiari berari mesede egingo dio".