Bost urte igaro dira Itzubaltzeta/Romoko Errekagane kaleko pabiloiak erre zirela, tartean Itzubaltzeta II gaztetxea zegoela. Tokia utzita egon da ordutik eta, ingurua garbitze aldera eta bertan dauden zenbait zuhaitz inauste aldera, hainbat auzokide hurbildu ziren lekura joan den astelehenean, irailak 19. Beharrotan ari zirela, udaltzainak agertu eta bertan zeuden 10 lagunak identifikatu zituztela salatu dute herri-ekimen horretako kideek. Martitzenean ere berriro ekin zioten lanei, eta, oraingoan ere, udaltzainak eta ertzainak hurbildu zitzaizkien, "modu erasokor eta mehatxatzaile batean", eta hiru ekintzaile identifikatu zituzten.
Martitzen horretan, ekintzaileek azaldu dutenez, poliziek Cespa enpresa deitu zuten, "eserleku batzuk egiteko eta ingurura sartzea erraztuko zuten eskailerak egiteko eraman ditugun egurrezko taula batzuk bertatik ateratzeko".
Horren aurrean, ekimen horretako kideek argi utzi gura izan dute ez dutela onartuko indar errepresiboek euren auzoko egunerokotasuna markatzea, eta azpimarratu dute prest daudela lanean jarraitzeko herritik eta herriarentzat eraikitzen diren guneak lortze aldera. "Horrela, adierazi nahi dugu gaztetxe zaharraren orubeak Romoko topaleku izaten jarraitu behar duela".