Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, jendaurrean erakusteko eta herritarrek alegazioak aurkezteko epea hasiko da. Aurreikusita dago urriaren 15etik urtarrilaren 15era arte herritarrek parte hartzeko hainbat ekintza egitea (hitzaldiak edo azalpen-saioak auzoetan, erakusketak, bilerak…). Horien datak laster jakinaraziko ditu Getxoko Udalak.
Udal-arduradunek azaldu dutenaren arabera, HAPO berrian Azkorri zaintzearen aldeko apustua egin dute, Getxoko aktibo naturala den aldetik. Horretarako, lurzoruaren % 70-80 bitartean babestuko dute. Halaber, planteatu dute 4.601 etxebizitza berri eraikitzea "gazteen etxebizitza-beharrizanei erantzuna emateko", eta, horietatik, 3.089 etxebizitza babestuak izango direla iragarri dute. Gainera, proposatu dute eremu libreetan parke, ekipamendu eta hurbileko zerbitzu berriak sortzea, hala nola parke handi bat Murun, ekipamendu orokorrak Tosun eta Martiturrin, eta zuzkidura-bizitokiak Zubilletan, Kalamuan eta Dilizgoikoan, eta jarduera ekonomikoa sustatu Martiturrin.
Horrez gain, HAPO berrian, Andra Mari auzoa "babestu eta arautu" egingo dute, "etxebizitzek eta baserriek eraikinak nahiz ingurune naturala zaintzen eta birgaitzen laguntzeko lege-babesa izan dezaten". Ibarbengoa, Muru eta Galeatik gertuen dagon gunea etxebizitza, parke eta ekipamendu berriakaz osatuko dute. Gainerako auzoetan, aurreikusi dute jarduketa puntualak egitea; "horietako gehienak bizitegi-jarduketak izango dira, gutxi gorabehera 200 etxebizitza gehiago izateko, eta, horrela, espazio publikoa nahiz ekipamenduak hobetuko dira".
Gobernu-taldeak adierazi duenez, besteak beste honako jarduketa hauek egingo dira: Martikoenako bulegoak Aiboara eramango dira; hiri-konexio irisgarria bermatuko da Portu Zaharretik San Nikolasera; Trinitarioetako gunea biziberrituko da, kaleen arteko konexioa egingo baita eta Algortako gune kulturalak berrantolatzea ahalbidetuko duen kultura-zuzkidura jarriko baita; J.B. Zabala eskolak erabiltzeko lurzoru publikoa eskuratuko da; eta aurreikusi da uholde-arriskuko gunean dauden Zubilleta nahiz Areneazpiko etxebizitza guztiak lekuz aldatzea eta ordezko bizitokia ematea.
Eztabaidak gobernu-taldearen eta oposizioaren artean
Udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) nabarmendu duenez, "HAPO berriaren bidez aurre egingo zaie aurreko hirigintza-araudiko anakronismoei eta, aldi berean, ikuspegi soziala, fisikoa, ekonomikoa nahiz ingurumenekoa jorratuko dira, horietako bat ere nagusitu barik, garaian ondo kokatutako plana lortze aldera. Hala, jasangarritasunari dagokionez ere integratutako HAPOa izango da; izan ere, orain ditugun beharrizanak aseko ditu etorkizuneko belaunaldiek izango dituzten beharrizanak arriskuan jarri barik”. Horrez gain, adierazi du HAPOak, interes partikularrei beharrean, interes orokorrari erantzungo diola. Horrela, esan du Getxo oinezkoei zuzenduta egongo dela; horretarako, besteak beste, irisgarritasuna hobetuko da, bidegorri gehiago jarriko dira, aparkatzeko aukerak gehiago eskainiko dira (aparkaleku berria Trinitarioetan), korridore berde gehiago egingo dira, etxebizitza babestuak nagusi diren eta herritarrak erdigunean jartzen dituzten espazioak egongo dira, eta inklusiboagoak diren auzoak eraikiko dira.
Popularren ustez, “plan horren bidez ez dira Getxok dituen arazoak konponduko eta ez dira beteko Andra Mari Gure Lurra elkartearekiko hartutako konpromisoak". Horrez gain, adierazi du Salsiduko auzotarren etxeak eraitsiko direla inolako konponbiderik eman barik, eta ez dela konponbiderik eman ezta Sarrikobaso eta Ormazarako ere. Talde horren arabera, iragarri diren etxebizitzak eraikitzea gezur hutsa da; izan ere, etxebizitza libreak eraikiko dira, "baina gizarte-laguntzako etxebizitzak planoetan jasota geratuko dira”. PPren ustez, plan berriak ez ditu hainbat gai jorratu: metroa Getxoko trazatu osoan lurperatzea; aparkalekuak eraikitzea (soilik aurreikusi da Algortako goiko aldean egitea, Areetan bat ere ez); Getxoko kostalde osoa lotuta egotea; hiri-autobusa eskaintzea; zaborrak lurperatzea, etab.
El nuevo #PGOU deja fuera proyectos fundamentales para #Getxo
— PPGetxo (@PPdeGetxo) September 30, 2022
Proponemos:
Parking Gobelaurre, Sarajevo y c/mayor
Gasolinera de Algorta
Bús urbano
Paseo fluvial
Polígono rojo
Pasarela costera
Piscina en Andra Mari#despiertagetxo
Descubre nuestros proyectos pic.twitter.com/fTldKQOsCO
EH Bilduk , bere aldetik, osoko zuzenketa bat aurkeztu du, besteak beste ez dagoelako ados HAPOa egiteko jarraitu den prozesuagaz, "herritarrek jakin gabe, plan horri dagokionez adierazpenik emateko aukerarik eman gabe". Hala, plan berrian jasotako udalerri-ereduaren aurka agertu da taldea, "ez dielako Getxoren erronkei erantzuten, aurreko HAPOari jarraipena ematen diolako, hirigintzako pilotakada eta espekulazioa bultzatzen dituelako, eta ez duelako alokairu sozialaren aldeko apusturik egiten". Gainera, mugikortasun jasangarria bermatzetik urrun dagoela salatu du, ez duelako oinezkoentzako gune edo berdegune handiagorik eskainiko, ezta oinezkoentzako espazio gehiago sortzeko xedez udalerriko hainbat gunetan metroa lurperatzeko aukerarik ematen ere. Ildo beretik, deitoratu du ez dela ondare publikoa babestuko, eta etxebizitza libreak eraikitzeko soilik gogoratu direla auzoetako hiriguneez. "Ez da herritarren bizi-kalitaterako hobekuntzarik planteatu, Getxo lo egiteko soilik izatea bultzatu baita".
#plenogetxo Edukiari dagokionez ere, ez gaude ados HAPO honek irudikatzen duen herri-ereduarekin:
— EH Bildu Getxo (@GetxokoEHBildu) September 30, 2022
- Eraikuntza masiboan oinarritzen da
- Alokairu soziala ez da lehentasuna
- Lo egiteko herriaren eredua sustatzen du
- Ondare historikoari babesik ez
- Inguru naturalen suntsiketa pic.twitter.com/ECRh6xhft5
Azkenik, Elkarrekin Podemos taldeak kritikatu du “HAPOa gobernuko botoekin soilik eta oposizioarekin elkarlanean aritu barik aurrera eramatea”. Halaber, adierazi du aurkeztutako 33 zuzenketak, ezetsi direnak, pertsonak erdigunean jartzen dituen eta, besteak beste, etxebizitza-eskubidea, mugikortasun jasangarria eta natura-ingurunearen babesa barne hartzen dituen hiri-eredua lortzeko zirela. “HAPO berriak ez du guk nahi dugun hiri-eredua planteatzen, eta iraganeko hiri-ereduak hartzen ditu oinarri, despopulazioa eta zahartzea gelditu barik; etxebizitza-eskariari ere ez zaio erantzunik eman: ez da arrazoizko prezioan dauden etxebizitzen aldeko edo alokairu sozialaren aldeko apusturik egin, ezta, beraz, gazteen aldekorik ere; ez da Azkorriko babesa handituko, etab.".
Hoy hemos rechazado el #PGOUGetxo, que igualmente ha sido aprobado con los votos del Equipo de Gobierno y la inesperada e incomprensible abstención del PP.https://t.co/eoTpP75ZFh pic.twitter.com/s1nv5YfsQ8
— Elkarrekin Podemos Getxo (@ElkarrekinGetxo) September 30, 2022
Hainbat herritar, proposatutako HAPOaren aurka
Galdera eta eskaeren txandan, hainbat auzokidek parte hartu dute, tartean Andra Mari Gure Lurra elkartekoek, HAPOren aurkako jarrerak azaltzeko, gobernuari egindako kritikak adierazteko eta “inguruarekiko eta bere interesen aldeko hasierako konpromisoak ez betetzeagatik”.
Erantzun ondoren, Amaia Agirre alkateak amaiera eman die osoko bilkurako talde politikoen hitzaldiei, eta adierazi du plana egin ahal izateko hamarkada bat baino gehiagoko administrazio-izapideak behar izan direla, eta herritarrek "parte-hartze handia" izan dutela, "partaidetza eta gardentasuna planaren ezaugarri nagusiak baitira. Bertan jasotako edukia lan-prozesu luze eta zail baten emaitza da. Horrenbestez, ziur gaude Getxok orain nahiz etorkizunean izan dezakeen HAPO onena dela. Getxoztarrei, haien arazoei eta premiei erantzuteko tresna da, errealitate aldakor baten testuinguruan aukera anitz sortzera bideratuta dagoena".
Teknikariek nahiz politikariek plana egiteko egindako lana eskertu ondoren, Getxoko alkateak hauxe gogorarazi du amaitzeko: “Getxo kohesionatuagoa izango da gizartearen, hirigintzaren eta ekonomiaren ikuspegitik. Auzo guztiak hiri erakargarri baten protagonista sentitzen diren Getxo bat, aurrera egiten duena, etorkizunerako proiektuak dituen Getxo bat. Getxo jasangarriagoa, orekatuagoa eta atseginagoa, seguruagoa, erresilienteagoa, konpaktoa eta inklusiboa, guztiontzako hiria, giza-eskala mantenduko duena eta genero-ikuspegia txertatuko duena. Bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko Getxo”.