Salmenta Ibiltariari buruzko indarrean dagoen udal-ordenantza 90ko hamarkadaren erdialdean onartu zuten, eta udalerri osoan kalez kaleko salmenta egiteko debeku orokorra ezarri zen.
Ondoren, Udalak debeku orokor horren salbuespen batzuk onartu zituen, "kasu horien jai-izaera tradizionala edota izaera herrikoia kontuan hartuta". Geroago, salbuespenak zabaldu ziren, eta zenbait kasutan kalez kaleko salmenta baimendu zuen.
Udalak zabaldu duenez, ordenantza indarrean sartu zenetik, jarduera mota horren eskaria gero eta handiagoa da udalerrian, "modalitate guztietan", eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen jardueran inplikatutako pertsonen eskaria ere aldatu da, "behar berriak sortuz". Hala, udal-iturriek zehaztu dutenez, eskari hori lehen sektoreko produktuen aldizkako merkatua ezartzean gauzatu da, nekazaritza-sektorea, hain zuzen ere.
Egoera horri erantzun guran, ordenantza berria osatu eta onartu gura du Udalak, "argitasuna eta segurtasun juridikoa" izateko, eta testu bakar batean jasoko duena kaleko salmentaren erregulazio osoa, "baimendutako eta debekatutako kasuen irismena zehaztuta.
"Azken batean, epe luzerako indarraldia izango duen ordenantza bat sortu nahi da, udalerriko errealitate sozio-ekonomiko berrira egokitua eta merkataritza-jardueraren erregulazioa kalez kaleko salmentaren modalitatean jaso duena", azpimarratu dute arduradunek.
Ordenantza berria osatzeko prozesuan parte hartu gura baduzu, sakatu hemen.