Kalean ortuariak saltzea debekatu diote udaltzainek Itzubaltzeta/Romoko nekazari bati, berriro ere

Iker Rincon Moreno 2022ko ira. 7a, 13:09

Udako bendeja elizako arkupeen ondoan saltzen ari zela agertu ziren udaltzainak. © GETXOKO EH BILDU

Joan den astelehenean, irailak 5, Itzubaltzeta/Romoko elizaren aterpearen ondoan ortuariak saltzen ari zen baserritarra salatu du Getxoko Udaltzaingoak. Nekazariak dioenez, udaltzainek debekatu egin zioten kalean postua jartzea, eta lekutik kanporatu gura izan zuten. Aginduari uko egin izanagatik, Herritarren Segurtasunerako Legea –Mozal Legea– ezarri, salatu eta bendejarik berriro ez jartzeko esan ziotela deitoratu du.

Ez da lehenengo aldia Getxoko Udaltzaingoa mota horretara jokatzen duela Itzubaltzeta/Romoko bendejan. Izan ere, 2018an eta 2019an, plazan saltzea debekatu eta ortuariak kendu zizkioten baserritarri berari, Peio Fuente itzubaltzetarrari, kale salmenta debekatuta zegoela argudiatuta, horretarako baimenik eskatu ezean. Izan ere, Getxoko Udalak jakinarazten duenaren arabera, kale salmenta guztiz debekatuta dago udalerrian, eta oraindino ez dago aurreikusita bendeja arautzeko araudirik.

Horren harira, Fuentek deitoratu du ezinezkoa zaiola Udalak ezartzen dituen neurriak betetzea baimena eskatzeko, ezinezkoa zaiolako Udalak eskatzen duenari aurre egitea, hala nola Gizarte-Segurantzan doakion errejimenaren barruan alta eman behar dugu, aseguru bat kontratatu...

Ildo horretan, baserritarrak gogoratu du orain dela hainbat urte sinadura-bilketa egin zutela Itzubaltzetan, Udalaren baimena ez ezik, saltokiena ere eskatzeko. Denera, 400 izenpe eta 60 merkatariren baimen lortu zituzten; hala ere, udal-agintariek erantzun zieten kaleko salmenta zela bendeja eta ez zegoela hori baimentzerik. Hala ere, horren gaineko proiektu bat prestatuz gero, aztertzeko prest zeudela esan zuten. Bada, Fuentek jakinarazi duenez, bendeja arautzeko eta urte osoan Algorta eta Itzubaltzeta auzoetan indarrean egoteko proposamena aurkeztu zion Uribe Kostako Agroasanbladak Udalari; "hala ere, oraindino ez dute inolako erantzunik jaso".

Udako bendeja, astelehenero

Peio Fuentek gogoratzen duenez, udako ortuariak saltzeko bendeja egin ohi du astelehenero Itzubaltzeta/Romon abuztu-urria artean. 2018an izan zuen aurreneko arazoa Getxoko agintariakaz, eta, hurrengo urtean, gainera, saltzeko zituen ortuariak kendu zizkioten. Hurrengo urteetan, baina, arazorik izan ez duela azpimarratu du, "nahiz eta udaltzainak ingurutik pasatu diren". Astelehen honetara arte.

Nekazariak azaldu duenez, poliziek kale salmentarako baimena eskatu zioten, eta, hori ez duenez, horretarako Udalari egindako eskaera erakutsi zien Fuentek, "pentsatzen horrekin lasai joango zirela. Etxeko lanak eginak ditugulako egoera erregularizatu nahian". Hala ere, udaltzainek erantzun zioten hori ez zela nahikoa eta salmenta-postua kendu behar zuela.

Fuentek uko egin zion lekua uzteari eta, ondorioz, udaltzainek salatuko zutela mehatxatu zioten. "Esan nien beren lana egiteko, nik nirea egingo nuela, eta idatzia egin zuten. Halere, ez dakit gauza bategatik edo gehiagogatik salatu nauten, nik ez nuelako ezer sinatu".

Egoerari aurre egiteko, baserritarrak ohartarazi du erantzun "kolektibo" bat emango dutela, eta laster emango dutela horren berri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun