Aurreko urriaren 17an Getxoko HAPO berria BAOn argitaratu ondoren, dokumentua herritarren esku jarri eta alegazioak aurkezteko epea abiatu zuten. Hala, hurrengo hilabeteetan, 2022ko urriaren 15etik 2023ko urtarrilaren 15era bitartean, Udalak herritarrei plan berriaren edukiak hurbiltzeko hainbat jarduera egingo ditu.
Lehen saioa gaur bertan izango da Muxikebarrin. 19:00etan hasiko den saioan Amaia Agirre alkatea egongo da dokumentu berriaren nondik norakoak azaltzeko. Alkateak adierazi duenez, "Getxoren ikuspegia zabaltzeko bide bat hasten da: izan, egon eta kide izateko leku bat. Bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko Getxo". Halaber, Agirrek HAPOren sorreran izandako parte-hartzea nabarmendu du: “Plan hau zehazteko hamarkada bat baino gehiago behar izan dugu administrazio-izapideak egiteko, herritarren partaidetza zabala izan dugu, eta, gure partaidetza-irizpideari jarraiki, herritar guztiek udalerriaren bizi-proiektuaren berri izateko unea da”.
Zentzu horretan, gaurtik aurrera, honako jarduera hauek aurreikusi ditu Udalak: hitzaldi publikoak, erakusketak, aurretiko hitzorduaren bidez herritarrei kontsulta partikularretarako arreta ematea, parte-hartze digitala, bilerak Plangintzako Aholku Batzordeagaz eta topaketak umeakaz eta gazteakaz, ikastetxeen bitartez. Horien artean, Udalak honako hauek nabarmendu ditu:
- Hitzaldi publikoak:
- Urriaren 20an, 19:00etan, Muxikebarrin. Lehenengo saio horretan Amaia Agirre alkatea egongo da.
- Azaroaren 4an, 19:00etan, RKEn.
- Azaroaren 10ean, 19:00etan, Andra Mariko Kiroldegiko frontoian.
- Azaroaren 17an, 19:00etan, Fadurako Kiroldegian..
- Erakusketa iraunkorrak: RKEn, Andra Mariko kiroldegian eta Fadurako kiroldegian.
- Parte-hartze digitala: Egoitza Elektronikoaren bidez (www.getxo.eus).
- Herritarrentzako aurrez aurreko arreta. Beti aurretiko hitzordua eskatuz, erredakzio taldeagaz banakako bilerak eta kontsultak egin ahal izango dira. Aurretiko hitzordua online, 010 / 944 660 00 telefonora deituz edo aurrez aurre hiritarren arreta bulegoetan, Torrene kaleko 3an dagoen Algortako HABen edo Mercedes kaleko 13an (Getxo Elkartegiaren ondoan) dagoen Romo/Areetako HABen.
- Saioak Udal Plangintzarako Aholku Kontseiluagaz. Bi informazio-saio eta eztabaida-saio bat aurreikusi dituzte.
- Saioak ikastetxeetan. Saio horiek ikastetxeakaz harremanetan jarri eta interesa agertu ondoren programatuko dituzte, eta datak ikastetxe bakoitzaren beharretara egokituko dituzte.
- Dibulgazio-materiala. Joan den irailaren 30ean onartutako proiektua, Getxoberrigaz batera banatuko da buzoietan, eta era laburrean HAPO berriak Getxon izango duen eragina azalduko du. Eguneratutako informazio guztia www.hapo-getxo.eus webgunean dago eskuragarri.