Bi kideak deklaratzera deitu dituzten egun berean, azaroaren 3an, Algortako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du 19:30erako, Telletxe plazan. Salatu dutenez, euren jarduna kriminalizatzeko, "neska gazte bati laguntzea delitu bihurtzeko auzia" izango da. Gertaera izan zenean, akusatuek azpimarratu zuten eurak izan zirela biktima lagundu zuten lehen pertsonak eta, jaietarako hitzartutako protokoloa aktibatzeaz gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzak adostutakoaren jarraibideak jarraitu zituztela.
Aitzitik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu zuenez, Algortako Mugimendu Feministako bi kideek 16 urteko neska gaztea artatzea eragotzi zieten: “Agenteek behin eta berriz esan zieten anbulantzia bat zain zuela biktimak, ospitalera eraman zezan, baina bi arduradunek polizia-lana oztopatzen jarraitu zuten eta eragotzi egin zuten Ertzaintzak emakume gazteari anbulantzia zegoen lekura laguntzea”. Hori dela eta, desobedientzia-delitu larria egotzi zieten.