"Gu ere bagara!" proiektuak Getxoko kaleetara eraman ditu LGTBI+ pertsona nagusien kontatu gabeko istorioak

Erredakzioa 2022ko aza. 2a, 10:40

Bermejok eta Nafarratek zapatuan Baste tabernan aurkeztuko dituzte proiektuaren emaitzak. © GU ERE BAGARA!

Sei hilabeteko prozesuaren ostean, Ines Bermejo artistak eta Julen Nafarrate kazetariak proiektuaren emaitzak aurkeztuko dituzte zapatuan, azaroaren 5ean. Hala ere, daborduko, Getxoko kaleetan eta metro-geltokietan erakusketa ikusi daiteke, LGTBI+ pertsona nagusien oroitzapen eta kontakizunak bilduz, euren anonimotasuna errespetatuz. Gainera, proiektuak jarraipena izango du Dantzerti antzerki eskolaren bidez, antzezlan bat sortuko duelako "Gu ere bagara!" proiektuaren testigantzetan oinarrituta.

"Gu ere bagara!" proiektua Getxoko LGTBI+ nagusien istorioak eta testigantzak batzen ibili da azken hilabeteotan, helburua bikoitza izan da: pertsona nagusien gaur egungo errealitatea zein den ezagutzea eta iraganeko kontakizunak jasotzea. Proiektu honek Getxoko Udaleko sormen bekaren diru-laguntza jaso du.

Bermejok eta Nafarratek aitortu duten bezala, prozesua zaila izan da: "Zerotik abiatu ginen testigantzen bila, eta oso zaila izan da pertsonak topatzea euren istorioa kontatzeko prest egon daitezkeenak". Azkenean, Getxoko bost auzokide prest agertu dira euren bizipenak kontatzeko: "Deialdi publikoa egin genuen maiatzean, baina inor ez zen agertu proiektuan parte hartzeko prestutasunarekin. Zorionez azkenean testigantza batzuk bildu ditugu, batik bat ahoz ahokoari esker, kontaktuen bidez, baina benetan erronka zaila izan da". Esparru ezberdinetan testigantzen bila ibili dira, besteak beste, Getxoko udal-egoitzan, Erromoko Nagusien Etxean edo Algortako Mugimendu Feministan: "Oso eskertuta gaude jende askok lagundu digulako kontaktuak biltzen; eurak balik ezinezkoa izango litzateke hau guztia egitea".

Azkenean, bost lagunek parte hartu dute proiektuan lekuko gisa, Algorta, Erromo, Portu Zaharra eta Neguri Langileko auzokideak direnak. Nafarratek eta Bermejok bilaketa-prozesuaren garrantzia azpimarratu gura izan dute: "Honek guztiak balio izan du testuinguru ezberdinetan jendeak hausnartzeko zer dela eta LGTBI+ pertsona nagusiek ez duten ikusgarritasunik; zergatik ez ditugu ezagutzen; zergatik ez duten ikusgarritasunik; zergatik ez dugun euren errealitateaz berbarik egiten; zergatik ez duten konfiantzarik sentitzen gure gizartean euren istorioa kontatzeko".

14 esaldi


© GU ERE BAGARA!

Proiektuan jasotako kontakizun guztietan parte-hartzaileen anonimotasuna bermatuko da, eurek hala eskatuta. Horrela, "Gu ere bagara!" proiektuaren erakusketak 14 esaldi izango ditu, testigantza hauen guztien laburpen modura.

Esaldiak honakoak dira: "76 urte ditut eta bisexuala naiz. Eta zer?"; "¡Qué disgusto me llevé cuando me dijeron que eras maricón! Pero no te preocupes que no se te nota nada"; "¡Vaya alboroto se montó en Las Arenas cuando fuimos al Gran Cinema agarrados de la mano!"; "Gogoratzen dut behin Gurea zinemetan, bi mutil iraindu zituztela elkarri musuka ari zirelako"; "Erromo beti izan da oso borrokalaria, sexu-askapenarekin kenduta"; "Aitak hitz egiteari utzi zidan lesbiana nintzelako. Pena hori geratu zait bizitzan"; "Estando tan buena no me imaginaba que fueras lesbiana"; "Nos gustaban los días de lluvia porque podíamos ir agarradas del brazo bajo el paraguas sin llamar la atención"; "Ez dut aurpegia erakutsi nahi ultraeskuinaren beldur naizelako"; "65 urte ditut eta ez zait amatatu sexuarekiko grina"; "A mis 83 años ya no me interesa el sexo, me da más placer podar el seto"; ¿"Qué por qué me fui de Algorta? Porque soy lesbiana"; "Íbamos a las fiestas de EHGAM de Bilbo a descansar la mente y cansar los cuerpos"; "Non daude LGTBI+ Nagusiak?".

Esaldi horien bidez, "Gu ere bagara!"-k hainbat gai landu nahi izan ditu; pertsona nagusien sexualitateak bizi duen ikusezintasuna; sexilioa edo herrietatik hirietara alde egiten denean sexualitatea askatasun handiagoagaz bizitzeko; erasoei beldurra; bisexualitatearen ikusgarritasun falta; LGTBI+ pertsonek pairatzen dituzten estereotipoak eta abar. "Oso pozik geratu gara proiektuak izan duen emaitzarekin, baina zoritxarrez ezin izan ditugu landu nahi genituen gai guztiak, besteak beste, genero-aniztasuna, hiesaren agerpena edota pertsona migratuek bizi duten errealitatea".

Erakusketa daborduko ikus daiteke Algorta, Portu Zaharra, Itzulbatzeta/Romo eta Areetako hainbat kaletan eta Getxoko hainbat metro-geltokitan (Bidezabal eta Areeta artean). Ines Bermejok collage-aren teknika erabili du irudiak sortzeko, bertan agertzen diren pertsonen identitatea ezabatuz. Erakusketako irudiak www.guerebagara.eus webgunean ere ikus daitezke.

Aurkezpena eta antzerkia

Azaroaren 5eko aurkezpena 18:30ean hasiko da Romo Kultur Etxeab, eta bertan "Visibles" film laburra ere ikusi ahal izango da (Enrique Reyk eta Ainhoa Urgoitiak sortutakoa). 20:30ean Baste tabernan jarritako erakusketaren inaugurazioa egongo da, DJ Dandieren laguntzagaz. Azkenik, LGTBIQ+ jaia egongo da Areetako Gato Pardo tabernan, DJ P. Herreraren eskutik. Doako sarrera egongo da ekitaldi guztietarako. Baste tabernako erakusketa azaro osoan zehar ikusi ahal izango da.

Istorioak bilatzeko prozesua amaitu bada ere, "Gu ere bagara!" proiektuak jarraipena izango du Dantzerti eskolari esker (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Eskola). Zinegoakegaz elkarlanean, antzezlan bat sortuko dute proiektuan jasotako istorio guztiakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun