"Eskatzen dugu arduraz joka dezatela eta gezur horiek guztiak eta gure aurka dituzten karguak atzera bota ditzatela"

Ander Zarraga 2022ko aza. 3a, 09:50

Gaur, Getxoko Epaitegian deklaratzera deitu dituzten Algortako Mugimendu Feministako bi kideei elkartasuna adierazteko eta mugimendua "ez kriminalizatzeko" exijitzeko elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek. Era berean, iragarri dute 19:30ean manifestazio jendetsua egingo dutela Telletxe plazan.

Aurreko Portu Zaharreko jaietan Ertzaintzak identifikatu zituen Mugimendu Feministako bi kideak gaur deklaratzera deitu dituzte. Segurtasun Sailak zabaldu zuenez, ziztada bat jasan zuen emakume gazte bati artatzea eragotzi zieten Ertzaintzako agenteei, eta, horregatik, desobedientzia-delitu larria egotzi zieten.

Horren aurrean, hainbat herritar bertaratu dira gaur epaitegiaren atarira, eta mugimenduko kideek zera adierazi dute: "Eskatzen dugu gezur horiek guztiak atzera bota ditzatela, joka dezatela arduraz eta bertan behera utz ditzatela gure aurka dituzten karguak. Une honetan epailearen esku dago prozesuarekin jarraitzea edo hori artxibatzea. Ertzaintzak prozesu judizial hau mantentzea erabaki du, gezurrez betetako atestatu batean oinarrituta, baina guk berresten dugu momentu hartan Mugimendu Feministako bi kide horiek Ertzaintzarekin batera prozesu guztia kudeatu eta koordinatu zutela eta erasoa jasan zuen pertsona ondo baino hobeto artatu zutela".

Azpimarratu dutenez, mugimenduak hainbat urte daramatza, bereziki jai-egunetan, erasoak salatzeko erraztasunak jartzen eta eremu feministak izan daitezen bermatzen, "lan horren fruitua da, bereziki, txosna-guneak erasoak salatzeko eta babesa jasotzeko gune seguruak direla". Zentzu horretan, Josu Erkoreka sailburuak egindako adierazpenak gaitzetsi dituzte eta Mugimendu Feminista "kriminalizatzeko saiakera argia" dela deitoratu dute.

Halaber, adierazi dute hainbat babes-mezu jaso dituztela, bai udalerrian baita kanpotik ere, "eta uste dugu herritarren gehiengoak gurekin bat egiten duela eta hau astakeria dela eta bertan behera utzi beharko litzatekeelako". 

Bukatzeko, gaur, 19:30ean, Telletxe plazan, Mugimendu Feministaren kriminalizazioaren aurka eta salatutako bi kideei elkartasuna adierazteko manifestazio jendetsua egingo dutela ere iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun