Oleg Kulyk: "Euskara ez da zaila; behar dena denbora da"

Iker Rincon Moreno 2022ko aza. 23a, 08:00

Oleg Kulyk, Getxon bizi den errusiar-ukrainar euskalduna.

Ukrainan hazi baina Moskun bizi izan dena Errusiako hiriburuan hasi zen euskara ikasten, orain dela 12 urte. Gaur egun, Algortan bizi da, eta berbalaguna da.

HIRUKAko aldizkariaren azken zenbakia esku-artean, Algortako erdiguneko taberna batean topatu dugu Oleg Kulyk. Gaztelaniazko hamaika ahotsen artean, euskara hutsean hartu gaitu Jekaterinburg-n (Errusia) jaio, Dnipró (Ukraina) hirian koskortu eta oraintsu arte Moskun bizi izandakoak. Dioenez, orain 12 urte hasi zen euskara ikasten Errusiako hiriburuan, hango Cervantes Institutuan. Izan ere, azaltzen duenez, 16 urte daroatza Euskal Herriko enpresa batean lanean, Sobietar Batasuneko kide izandako herrialdeetan ordezkari gisa, eta euskarak interesa piztu zion, "ez zaidalako gustatzen gauzaren bat ez ulertzea". Horregaz batera, "ehunaka" alditan etorri da gurera, lanagatik eta aisialdiagatik, Ukrainako gerraren eraginez martxoan Algortara bizitzera etorri zen arte: "Moskun bizitzea zaila egiten ari zitzaidan".

Kulyk-ek lagun asko ditu hemen, eta horiekaz guztiakaz, ahal den neurrian, euskaraz egiten saiatzen da, "euskaldunak direnekin, noski". Euskara irakurri eta kontsumitzen du, halere, aitortzen du batzuetan zaila egiten zaiola horretan aritzea, ez dakielako aurrean duenak euskara dakien ala ez: "Taberna honetan, adibidez, euskaraz eska daiteke?", galdetzen du.

Aitortzen duenez, ez zaio zaila egin euskara ikastea, baina aitortzen du denbora falta dela horretarako zailtasunik handiena. "Gaur egun, denbora gutxi daukat ikasten jarraitzeko; denbora izango banu, gehiago ikasiko nuke". Dena dela, duen apurra mintzapraktikan trebatzeko inbertitzen du. Izan ere, eguaztenero Areetan batzen da Berbalagunen egitasmoko bere taldetxoagaz. "Niretzat interesgarria da posible delako euskaraz aritzeko. Beste hainbatetan ere saiatzen naiz, baina jende askok normalean ez du egiten, ez dakitelako euskaraz. Ez dakit nork dakien euskara". Ea Euskaraldiagaz ikusgarritasun hori lortzen den. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun