Proiektuak garagardotegi zaharraren izpiritu sozialari eusten dio; garagardotegian egiten ziren kirol-erakundeen eta Getxoko beste eragile sozial batzuen bilerak eta ospakizunak. Hori dela eta, funtzio anitzeko ekipamendua egitea pentsatu dute, hiru giro izango ditu, bereizita egongo direnak: areto handi bat, itxia eta girotua (bigarren solairu bategaz berrikuntza-polorako), eta beste bi gune, jarduera bakoitzaren premietara egokitzeko, estalitako eta erdi estalitako eremu eta guzti.
Eraikin berriaren ezaugarriak garagardotegi zaharra erabiltzen zuten erakundeakaz batera diseinatu dituzte, eta obra Thinking Fadura egitasmoaren testuinguruan kokatzen da; hau da, Fadura esparru publiko berri bilakatzeko proiektua. Eremu horretan, sarrera libreko parke bat eta Getxo Kirolak-eko abonatuek kirola praktikatzeko instalazioak egongo dira.
Thinking Faduraren lehen proiektu handia
Lanak uholde-arriskuko eremu batean egingo direnez, obra egiteko baimenak lortzeko beharrezko aldia gainditu behar izan dela azaldu dute udal-iturriek, eta pandemiaren ondorioek eragindako atzerapen eta guzti, Fadurako gizarte-zentro berria, eraikiko den lehen ekipamendu handia izango da, 2.000 pertsona ingururen parte-hartzea izan duena osatutako proiektuaren ondorioz.
Aldi berean, Getxo Kirolak lehentasuna duten hurrengo proiektuak lantzen ari da. Horien artean daude pilotalekuen eraikinaren egitura indartzeko lanak, ondoren barrutik berritzeko, eta errugbi zelaiko eta atletismo pistako harmailak ordezkatuko dituen eraikin berria. "Horri esker, kirol instalazio horietako erabiltzaileek eskatutako espazio berriak izango dira eta erosotasunean irabaziko da. Inbertsioak lehenesterakoan, aurreikusita dago, halaber, padel eta tenis pista estali gehiago hartuko dituen eraikin berriaren aurreproiektua idazten hastea edota parke publiko berria faseka urbanizatzea", azaldu dute.