Zure bigarren idazlana dugu Bizirik dirauena. Zer topa daiteke lan honetan?
Nire lehenengo lana ipuina izan zen, Xixili lamiaren pertsonaian oinarritutako asmakizuna. Oraingoan, ordea, buelta eman nahi izan diot lehen idatzitakoari eta benetako istorioan oinarritutako eleberria da aurkezten dudana. Oso adin ezberdina duten bi pertsonen arteko adiskidetasunari buruz hitz egiten du liburuak, eta Amsterdam-en, Londresen eta Bilbon dago kokatua: alde batetik, Sebastiaan dugu, holandarra, hamazazpi urte zituela gurasoen etxea utzi eta Amsterdamera bizitzera doan gazte abenturazalea. Beste aldetik Len dugu, hirurogei bat urteko ingelesa. Pixkanaka, bien arteko adiskidetasuna handituz joango da, eta Lenek bere lagun gazteari Bigarren Mundu Gerran jasandakoak kontatuko dizkio, elkarrekin mostazadun ogitartekok jaten dituzten artean.
Benetako istorio batean oinarritutako eleberria dugu. Noiz eta nola heldu zitzaizun gertakizun horiek?
Hala da, bai: eleberri hau benetako istorioan oinarrituta dago. Istorioak asko gustatzen zaizkit eta beti dut aldamenean kaieraren bat zerbaitek atentzioa ematen didanean ohartxoak hartzeko. Nik Sebastiaan, liburuaren protagonista, orain dela urte batzuk ezagutu nuen, eta hark eman zidan Len deituriko ingelesaren berri: nola ezagutu ziren Amsterdamen, nolakoa zen Len, zergatik izan zen boluntario Bigarren Mundu Gerran eta zergatik izan zen gerra hartan jauskari. Eta hainbat eta hainbat kontu bildu nituen bai Lenenak eta baita Sebastiaan berarenak ere, oso lagun onak izan baitziren Lenen heriotzera arte.
Horiek denak arretaz entzun nituen, eta, ohi dudanez, ondo gorde nituen ohartxoak nire kaieran eta ordenagailuan, pentsatu bainuen zerbait polita eta borobila egin nezakeela hortik eta gutxira. Ez naiz, ordea, arrapaladan ibiltzekoa, eta denbora hartu nuen kontatutako guztia borobildu eta ondo josteko.
"Ziur nago asko gustatuko den liburua dela, erreza baita irakurtzeko, eta istorioa oso erakargarria"
Zergatik erabaki zenuen istorio hori oinarritzat hartzea?
Bitxia iruditu zitzaidan hainbeste urteko ezberdintasuna duten bi pertsonen arteko adiskidetasuna. Horretaz gain, bi protagonisten izaerak ere zerbait erakargarria zutela iruditu zitzaidan: Sebastiaan pertsonaia alaia da, izaki librea, abentura zalea eta agian zerbait txoriburua ere. Len, ordea, gizon serioa da, burugogorra eta zorrotza; guztiz bihotz onekoa ordea, lagunen laguna eta eskuzabala. Bien arteko loturak bazuen halako kontraste xelebrea, eta beste pertsonaia askok ondo mamitu zuten azkenean eleberria.
Zelakoa izan da gorpuzte-lana?
Hasieran, ohartxoak besterik ez nituen izan, Sebastiaanen ahotik jasotakoak. Gustukoa dut istorioei denbora ematea, eta buruan ondo josita ikusi arte itxarotea. Hasi nintzen idazten orain dela urte bat baino gehiago, baina bizitzako gorabeherak direla eta, ez nuen istorioa guztiz amaitu aurtengo udazkenera arte. Ukitu batzuk eman nizkion, hasiera eta amaiera borobilduago bat asmatu nuen, eta Lenen argazkia ere eskuratu ahal izan nuen, Gernikan hartua, Sebastiaanen ezkontzara etorri zenekoa.
Ez da nire asmoa gauzak arin egitea, beraz, gustura nago liburuak hartu behar izan duen denborarekin.
Liburua argitaratuta, zelako harrera izan du?
Esan dudan moduan, liburua udazken honetan amaitu ahal izan nuen eta maketazio –eta inprenta-lana arina izan bada ere, orain hilabete argitaratutako eleberria da–. Ez dut denborarik izan jendearen feekback-a jasotzeko, baina ziur nago asko gustatuko den liburua dela, erreza baita irakurtzeko, eta istorioa oso erakargarria.
Bigarren liburua izanik, errazagoa izan zaizu lana?
Liburu bakoitzak badu bere historia eta bere izate partikularra. Nik ez dut idazten zerbait ateratzeagatik, baizik eta, dibertimenduaz aparte, nolabaiteko ekintza bitala delako. Baina horretarako zerbaitek atentzioa eman behar dit. Lehenengo liburua –ipuina, hobe esanda– Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa izan zen, eta horretan fantasia, amodioa eta sentimendu asko nituen oinarri. Honetan, ordea, gaia guztiz ezberdina izanik, beste nolabaiteko jarrera izan dut idazteko mementoan, eta askoz ere lasaiago idatzi dut. Horretaz aparte, oso gustukoa dudan gauza bat da maketazio –eta diseinu– lanean aritzea. Esan beharra dago diseinatzailea naizela, eta nire bi liburuen maketazioa nik neuk egin dudala, eta azalak ere nik diseinatu ditudala. Oso pozik nago egindako azalekin, uste baitut ondo islatzen dutela barruko istorioak.
Aurreko elkarrizketa batean aurreratu zenigun gertaera historiko batean oinarritutako eleberri bat zenuela esku-artean, Nafarroan kokatuko zena. Hauxe dugu hori, ala hurrengo baterako gordeta duzu?
Bizirik dirauena ez dago Nafarroan kokatua, ez. Bilbo, Amsterdam eta Londresen kokatzen den eleberria da. Zuk diozun eleberri hori oraindik prozesuan dago, eta espero dut datorren urtean argira ateratzeko moduan izango dudala. Pazientzia!
Etorkizunera begira, beraz, zer duzu buruan?
Esan bezala, Nafarroan eta Erdi Aroan kokatutako eleberria dut buruan eta esku artean orain. Horretaz gain, gai mitologikoa oso gustukoa dut eta nahiko nuke ildo horretatik jarraitu, baina nire estilora, agian ipuin bereziak idatziz, ez umeentzat, baizik eta mitologia gustukoa duten guztientzat. Ez dut gauza zehatzik, baina gorpuztuko den zerbaiten atzetik banabil, bai. Denborak esango digu zertan murgilduko naizen hemendik aurrera eta behin esku artean dudana bukatutakoan!