HAPO

Salsidu inguruko bizilagunek erabakiko dute euren etxebizitzak eraitsiko dituzten ala ez

Iker Rincon Moreno 2023ko urt. 2a, 16:34

HAPO berriagaz eraistea aurreikusita dauden etxebizitza batzuk.

Getxoko Udalak aurkeztutako HAPOak Algortako Salsiduko "Los Puentes" auzuneko 108 etxebizitza eraistea aurreikusten du, eremuan uholde-arriskua dagoelakoan. Hala ere, orain, hango bizilagunek erabakiko dute euren etxebizitzak eraitsiko dituzten ala ez, Alvaro Gonzalez Kontratazio, Ondare eta Etxebizitzaren Arloko zinegotziak jakinarazi duenez. Horretarako, kaltetutakoen % 51k hala erabakiko balute, arduradunek Zubilleta ingururako aurreikuspenak kenduko lituzkete planetik.

Gonzalezek aitortu duenez, aurreikusitako hiri-operazio hori “Salsiduko bizilagunei bakarrik eskaini zaie euren egoeraz jabetzeko eta irtenbide bat eskaintzeko”. Azaldu duenaren arabera, plana da jabetu daitezen “dagoen arrisku hidraulikoaz”. Hala, aukera emango die auzo horretako bizilagunei euren etorkizuna erabaki dezaten, eta erabakitzen dutena denei eragingo die: “Edo denak geratzen dira, edo bat ere ez”. Zinegotziaren arabera, formula hori ezin zaie soilik eskaini etxabeetako bizilagunei, hau da, ubideak gainezka eginez gero ura isuriko litzatekeen solairu bakarrei. Izan ere, dioenez, lehenengo solairuak kaltetuko lirateke aurrenak, baina, ondoren, eraikinaren gainerakoa hondatu egingo lirateke.

Auzokideen borroka

Salsidu inguruko bizilagunen kolektiboek behin baino gehiago salatu dute HAPO berriak aurreikusitako plana, auzune horretako etxetxoak, baserriak eta estratak desagertzea ekarriko lukeelako. "Horretarako erabiltzen duten argudio edo aitzakia nagusia da “Los Puentes”-eko bizilagunen etxeak eraistearen beharra, baina erabaki hori haiekin inolako kontsultarik egin gabe egin dute, gurekin egin duten bezala. Ez dute gure iritzirik galdetu, ez gurekiko inolako begirunerik adierazi", deitoratu dute auzokideek.

Haien kasuan, gainera, erabaki hori are "larriagoa" dela diote, azken denboraldian etxe horietan hobekuntza-obra handiak burutu dituztelako, bai fatxadetan baita igogailuak jarrita, "eta guztia Udalaren baimenekin, jakinda haien asmoa etxe horiek eraistea zela. Ezin da ulertu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun