Getxoko gobernu-taldeak proposatutako HAPOan hainbat “lege-hauste” daudela salatu du Adi HAPO plataformak

Iker Rincon Moreno 2023ko urt. 16a, 17:11

Zapatuan egin zuten agerraldia, Uribe baserriaren aurrean. © ADI HAPO

Gaur, astelehenean, amaituko da Getxoko gobernu-taldeak proposatutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) alegazioak aurkezteko epea. Daborduko asko dira aldaketak eskatu dituzten norbanakoak, udal-taldeak eta eragileak, eta, horien artean, Adi HAPO plataformak agerraldia egin zuen zapatuan aurkeztuko duen helegitea publiko egiteko eta datorren martxoaren 25ean egingo duten mobilizazioa iragartzeko.

Getxoko Tosu estratako Uribe baserriaren aurrean egindako prentsaurrekoan, Adi HAPO plataformako dozenaka lagunek salatu zuten plan berriak inguruko landa-eremuak “erabat” urbanizatuko dituela. Era berean, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) proposatutako HAPOan “hainbat lege-hauste” aurkitu dituztela salatu zuten: “Alde batetik, legeak ahalbidetzen duena baino 1.456 etxebizitza gehiago eraikitzea planteatzen du; bestetik, ez du etxebizitza sozialaren minimoa betetzen”. Hori dela eta, alegazio bat aurkeztuko dutela iragarri zuten, plana bertan behera gelditzeko eskatuz.

Hala ere, gogoratu zuten beste hainbat kontu ere badaudela HAPO horretan "aldatzeko", hala nola udalerriko berdeguneak babesteko beharra, Azkorri eta Kandelu inguruko natura guneak, besteak beste. Horrez gainera, azpimarratu zuten eraiki beharreko etxebizitza soziala alokairu sozialekoa izan beharko litzatekeela, “eta hori bultza daiteke eraikin berririk gabe, etxebizitza eta lonja hutsak alokairu sozialera bideratuta”. Azkenik, “benetako” prozesu parte-hartzaile bat aldarrikatu zuten, “ez baitzaigu onargarria iruditzen gure herriaren etorkizuna gutxi batzuek erabakitzea”.

Hori guztia dela eta, manifestazio bat iragarri zuten datorren martxoaren 25erako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun