Adi HAPO plataformak deituta, eguerdiko 12:00etan abiatu zuten bizikleta martxa Algortako Julio Caro Baroja institututik. Bidean, Getxoko Udalak proposatutako planak udalerrian edukiko lituzkeen eraginak salatu zituzten hainbat puntutan; lehenengo, Salsidualden; gero, Andra Marin; eta, azkenik, Algortan, "batzokiaren lurretan planteatzen den plan urbanistikoa azalduz".
Askotariko herritarrez osatutako plataforma horrek hainbat kritika egiten dizkio Getxoko Udalak aurkeztutako plan urbanistikoari. Azaldu dutenez, batetik, kritika egiten diote eraikiko den "gehiegizko" etxe kopuruari, "izan ere legeak ahalbidetzen zuen gehienezko etxe kopurua planteatzen du planak, eta honek herriko hainbat paisai naturalen suntsiketa ekarriko du. Bestetik, plataformak ere ez du ondo ikusten legeak ahalbidetzen duen etxebizitza babestuen proportzio txikiena planteatzea, plataformaren ustez alokairu sozialekoak baitira lehenetsi behar diren etxebizitza motak.
Halaber, planak aurreikusitako etxeen eraisketa ere kritikatzen du plataformak, kopuru handiegia delakoan: "Ehunaka familia euren etxeetatik kanporatuko baititu".
Azkenik, plataformak "benetako prozesu parte hartzaile" bat aldarrikatu du, "udalerriarentzako hain garrantzitsua den plan honetan herritarren hitza kontuan har dadin".