EH Bilduren arabera, HAPO batek herri bat irudikatzen du: "Irudikatzen du herritarren arteko elkarbizitza, herritarren mugikortasun eredua, herritarren harremantzeko modua, elkar zaintza eredua, genero politika bat dakarkigu, eredu ekonomikoa... eta beste hainbat eta hainbat politikaren oinarri da HAPOa". Hala ere, koalizio abertzaleak deitoratu du gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) aurkeztutako "errezeta" eredu zaharrenetan oinarrituta dagoela. "Aurreko HAPOaren jarraipena da, helmuga katastrofiko berbera baitu norabide". Hori dela eta, zazpi alegazioak aurkezteaz gainera, EH Bilduk jakinarazi du Adi HAPO plataformak martxoaren 25erako deitutako manifestazioagaz bat egingo duela.
Aldiz, Elkarrekin Podemos udal-taldeak 33 emendakin egin ditu, "pertsonengan oinarritutako hiri-eredu bat irudikatzeko asmoz". Horretarako, talde horretako kideek uste dute beharrezkoa dela etxebizitza eskuragarria izatea, naturaguneak babestea, turismo iraunkorra eta parte-hartzea eta gardentasuna areagotzea.
PPk, bere aldetik, 110 alegazio aurkeztu dizkio planari, proposatutakoak ez dituelako udalerrirako "berebizikoak" diren gaiak jorratu, hala nola metroaren lurperatzea, aparkatzeko arazoa eta ondare historikoa.
Oposizio osoa bat dator salatzerakoan HAPOak ez duela "benetako" parte-hartze publikoa izan, eta, ildo horretan, popularrek deitoratu dute "adar jotze" bat dela hori herritarrentzako. Halaber, talde moreak salatu du alegazioak aurkezteko epea "murritza" izan dela, eta beste bi hilabetez luzatzea eskatu zuen, "baina gobernu-taldeak uko egin zion".