Lope de Vegako auzia

Getxoko Udalak eta Aldundiak ateak 2024an irekiko dituen belaunaldien arteko zentroa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute

Iker Rincon Moreno 2022ko eka. 28a, 14:30

Amaia Agirre Getxoko alkatea eta Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua, gaurko aurkezpenean. © BIZKAIMEDIA

Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Itzubaltzeta/Romon eraikiko duten belaunaldien arteko zentroaren proiektua aurkeztu dute gaur, martitzenean. Gizarte Ekintzako diputatuak, Sergio Murillok, eta Getxoko alkateak, Amaia Agirrek, azpiegitura horren xehetasun arkitektonikoak eman dituzte ezagutzera, eta, esan dutenez, azpiegitura horrek Bizkaia "Europako abangoardian kokatuko du".

Aurkezpenean azpimarratu dutenez, azpiegitura berri horrek erronka sozial bikoitzari, "era bateratuan" helduko dio: "Izan ere, zentro honetan, adin desberdinetako pertsonak biziko dira elkarrekin, elkar eraginda eta euren bizitza-proiektuak komunitateari ere irekita egongo den espazio komun batean garatuz".

Proiektuaren lizitazioak 16 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, proiektuaren arabera 8.854 metro karratu eraikita, eta 20 hilabete baino gehiagoko exekuzioagaz. Azpiegitura berria eraikitzeko obrak urte honen amaieran hasiko direla iragarri dute, eta daborduko lizitazio-izapidean daude. Hala, belaunaldien arteko zentroak 2024an ateak ireki ahal izatea aurreikusten dute Aldundiak eta Udalak.

Zentro berria Lope de Vega kalean kokatuta egongo da, gaur egun Ibar Nagusien Etxea elkarteak darabilen eraikinean. Azaldu dutenez, eraikina plaza berri bat izango du inguruan, eta sotoa, beheko solairua, lau solairu eta atikoa izango ditu. "Espazio zabalak ere hartuko ditu, irisgarriak, erabilera komunekoak, adibidez baratzeak eta barruko patioak edo aretoak, belaunaldien arteko kohesio eta bizikidetzarako proposamen berritzaile hau garatzeko aukera emango dutenak", aurkezpenean azpimarratu dutenez.

Iturriek zehaztu dutenaren arabera, zentroak erantzuna emango die Getxoko gizarte zerbitzuen arloan antzemandako premiei. Ildo horretatik, mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako 100 egoitza-plaza izango ditu, "kolektibo horrentzako egungo eta etorkizuneko egoitza-eskaerari erantzuteko beharrezkoak direnak". Plaza horiek, gehienez, 20 pertsonako moduluetan banatuko dira. Aurreikusitako 6 bizikidetza-unitateetako bakoitzak (solairu bakoitzeko bat) sukalde propioa, jangela eta egongelak izango ditu. Gelen % 86 erabilera indibidualekoak izango dira, eta guztiak izango dira pertsonalizatzeko modukoak.

Era berean, egoitza-zentro baten berezko zerbitzuak hartuko ditu, hala nola harrera-gune bat, atsedenlekuak, jantokiak, errehabilitazio- eta psikomotrizitate-unitateak, ile-apainketako eta podologiako zerbitzuak eta garbitegia; halaber, administrazio-arlo bat izango du, bulegoak, kontsultak, bilera-gelak, langileen aldagelak eta abar izango dituena.

"Gazteen emantzipaziorako bizitegi-aukera"

Belaunaldien arteko zentroak alokairuko 40 zuzkidura-apartamentu ere izango ditu, alokatzeko araubidean. Bizitoki guztiek jantoki-egongela-sukaldea esparrua, logela, bainugela eta terraza izango dute. Era berean, bi unitate irisgarri erreserbatuko dituzte, bina logela izango dituztenak.

Gainerako zerbitzuei dagokienez, garbitegi komunitarioko gune bat eta haurrentzako orgentzako eta bizikletentzako gela bat planteatu dituzte, besteak beste.

Horrez gain, beheko solairuan 283 metro karratuko eragozpenik gabeko lokal bat egongo da, erabilerari dagokionez zehazteke dagoena eta Getxoko Udalaren jabetzakoa izango dena.

Proiektu hori, maila ofizialean, 2020ko otsailean Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren jarri zen martxan. Hitzarmen horren bidez Udalak bere jabetzako 2.163 metro koadroko lursaila utzi zion lagapenean Bizkaiko Foru Aldundiari, gizarte-azpiegitura misto hori 75 urtez garatzeko.

Eraistearen kontrako iritziak

Azpiegitura berria eraikitzeko aukeratutako guneak kontrako iritzi ugari sortu ditu Itzubaltzeta/Romo auzoan, "eraikin historiko" bat eraitsiko dutelako. Hala, askotariko mobilizazioak egin dituzte urteotan proiektu hori beste leku batean gara dezaten, baita herri-kontsulta bat egin ere, kontrako iritziak nagusi izan zituena. Era berean, gaur egun Lope de Vega kaleko 12 zenbakian lekututa dagoen Ibar Nagusien Etxeako kideek "ahal dutenera arte" eraikina defendatzen segituko dutela iragarri dute.

Nagusien Etxea ekainaren 24an baino lehen utzarazteko agindua eman zuen Getxoko Udalak joan den hilabeteetan; hala ere, oraindino ez dute eraikina hustu. Bitartean, ekintzaileek hainbat dinamika gauzatzen ari dira egunotan tira-bira gizarteratzeko eta euren aldarrikapenak sareratzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun