Getxoko Udalak positibotzat jo du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia, nagusien etxea eta udal euskaltegia hartzen zituzten eraikinak eraistea eragozten zuen kautelazko neurria indarrik gabe utzi duena. Epai horrek “lehentasuna ematen dio proiektu berriari hasiera eman beharrak ordezkatzen duen interes orokorrari, Udalak obra abian jartzeko jaso dituen funtsak arriskuan ez egoteko”. Hala, Udaleko zerbitzu juridikoak, Foru Aldundikoakaz harremanetan jarrita, hura nola gauzatu aztertzen ari dira, udal-iturriek zehaztu dutenez.
Lope de Vega kaleko eraikin horien orubean belaunaldien arteko zentro bat eraiki gura dute Udalak eta Foru Aldundiak. Horrek mendekotasuna duten adinekoentzako 100 foru-plaza eta gazteentzako 40 udal-zuzkidura-bizitoki hartuko ditu, eta eraikinaren beheko solairuan 283 metro koadroko lokal bat egongo da, auzoko adinekoen elkartea etorkizunean bertan birkokatzeko, Udalak aurreratu duenez.
Adin desberdinetako pertsonen arteko bizikidetza-zentro berri hori bultzatzea Legegintzaldiko Planean hartutako konpromisoetako bat dela azpimarratu du Udalak, "eta Europaren babes handia du, aurreikusitako inbertsioaren % 82,5erako Next Generation funtsekin".