Lope de Vegako auzia

Antolakuntzaz baliatuz, auzoa mobilizatzeko asmoa dute herritarrek

Nahia Martinez Gondra 2023ko ots. 3a, 13:04

Lope de Vegako eraikinak hustu zituzten momentua. © IKER RINCON MORENO

Ibar Nagusien Etxea elkarteak manifestazioa deitu du otsailaren 12rako, 13:00etan, Santa Eugenia plazan, Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko eraikinen eraisketaren kontra egiteko. Urtarrilaren 31n, udal-langileek eraikinak hustu ostean, herritarrek auzo-antolakuntzaz erantzungo dutela iragarri dute, jakinda eraisketa "berehalakoa" izan daitekeela. 

Urtarrilaren 31n, Getxoko udal-langileek Itzubaltzeta/Romoko nagusien etxea eta gaztetxea zirenak hustu zituzten. Besteak beste, Ibar Nagusien Etxea elkarteak sortu zituzten eta egoera onean zeuden dozena bat apartamentu hustu zituzten udal-langileek, eta elkarteko kideek euren bulegoko gauzak lonja txiki batera lekualdatu behar izan zituzten. Horren aurrean, Ibar Nagusiko Etxea elkarteak elkarretaratzea antolatu zuen goizean, Lope de Vegako eraikinen aurrean, eta bertan, hainbat auzokide bildu ziren haien elkartasuna erakusteko eta eraikinen eraisketa salatzeko asmoz.

Egoera ikusita, asanblada ezberdinak antolatu dituzte Itzubaltzeta/Romoko auzokideen artean, egoerari aurre egiteko pauso batzuk erabakitzeko. Talde horietako kide batek azaldu duenez, eraikinaren hustearen egunean, urtarrilaren 31n, bilera orokor bat antolatu zuten azken boladan desmobilizatua egon den jendeagaz berriro antolatzeko. Bere esanetan, 40 bat auzokide bildu ziren, eta oraindino behin-behieneko erabakirik hartu ez duten arren, auzoa berpizteko hainbat ekintza aurreikusten dituzte. Horien artean, Itzubaltzeta/Romo auzoko ibilbide historiko bat antolatuko dute: "Ibilbideagaz azaldu gura dugu zergatik eraitsi nahi dituzten Lope de Vegako eraikinak, zergatik diren gure ondarea, eta auzoaren sorreraren inguruko informazioaren berri ere eman gura dugu. Gure helburua da auzoa astintzea antolakuntza baliatuz".

Eraikinen etorkizuna

Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak belaunaldien arteko azpiegitura bat sortuko dute Lope de Vegako eraikinak dauden lekuan. Mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako 100 egoitza-plaza izango ditu, eta gazteentzako 40 zuzkidura-apartamentu ere, alokatzeko araubidean. Proiektuaren lizitazioak 16 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, proiektuaren arabera 8.854 metro koadro eraikita, eta 20 hilabete baino gehiagoko exekuzioagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun