Algortako Fadura kiroldegiko frontoietan entrenatzen dute Getxo Irristan klubeko kirolariek; 8 eta 15 urte arteko neska-mutilak dira, denak batera nahastuta, patinen gainean eta sticka eskuan. Pedro Gutierrez entrenatzaileak dioenez, hockeyan mutil gehiago aritu ohi dira, baina hori iraultzeko lanean ari dira, eskola-garaian, nesken artean zaletasuna hauspotu guran. Hala, talde mistoak dituzte, euren arabera, "arazorik gabe elkarregaz aritu daitezkeelako, mutilen eta nesken talde propioak izan ditzakegun arren". Guztira, 100 kirolarik osatzen dute kluba, baina eskola eta domekako familia-saioakaz batera, 200 bat kidek osatzen dute Getxo Irristan. Gutierrezek zehaztu duenez: "2016an ekin zion bideari klubak, 20 jokalari genituela. Garai hartan, nekez eraman genituen aurrera bi talde, baina, orain, zenbakiok ikusita, gauzak ondo egiten ari garenaren emaitza dela uste dugu. Oso pozik gaude".
Horren erakusgarri dira, besteak beste, hilabeteotan jasotako sariketak: Iberdrola Supera Base eta Getxo Berrituz. Lehenengoak nesken artean oinarrizko kirola sustatzeko lana aitortu dio klubari, eta, gainera, 50.000 euroko laguntza jaso du talde gisa hazten jarraitu ahal izateko. Izan ere, Gutierrezek azaldu duenez, inoiz ez dute erregelamenduzko hockey-zelairik izan; ordez, frontoian egokitutako pista bat dute, sarea dagoen aldean hesi bat jarrita. "Jokalariak txikiagoak zirenean, baliozkoa zen, federazioak onartzen zigulako bertan jokatzea; neskamutilak nagusitu ahala, baina, ordezkoak behar izan ditugu". Hala, egun, Jolaseta Klubak utzitako zelaian jokatzen dute, baina, Getxo Kirolaken eta jasotako diru-laguntzari esker, laster, eurentzako pista propioa izango dute, Faduran bertan.