Lope de Vegako auzia

Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinak eraistearen aurkako borrokak indar erakusketa egin du Itzubaltzeta/Romon

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2023ko ots. 13a, 10:10

Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dauden eraikinak babestearen aldeko plataformak deituta, auzokideek manifestazio jendetsua egin zuten atzo, domekan. "Berriro ere, argi geratu da auzoa eraikin hauen kontserbazioaren alde dagoela, Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak behin eta berriz hori ukatu duten arren", azpimarratu zuten manifestariek.

Atzoko manifestazioa Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinak babestearen aldeko beste urrats bat izan da. Deitzaileek gogoratu dutenez, azken urteotan milaka izan dira mugimendu horren alde egin duten gizon-emakumeak: "Horren erakusgarri dira, besteak beste, egindako sinadura-bilketak, kalejirak, elkarretaratzeak, manifestazioak eta joan den maiatzaren 8an egindako herri-galdeketa". Hori dela eta, uste dute "argi" gelditu dela auzokideek eraikinok zaintzearen aldeko "apustua" egiten dutela. Hala, azpiegitura horiek eraisteko asmoa bertan behera utz dezatela eskatu diote berriro ere tokiko EAJri eta PSE-EEri: "Ezin da auzo baten eta bertako biztanleen duintasunarekin eta historiarekin jolastu; gure ondarea da, gure historia da, gure nortasuna da".

Getxoko Udalak joan den otsailaren 7an utzi zituen Itzubaltzeta/Romoko eraikin horiek Bizkaiko Foru Aldundiaren esku, higiezin horretan belaunaldien arteko zentro berria eraikitzeko lanak martxan jar ditzan. Izan ere, gobernu-taldeak gogoratu duenez, bi erakundeek hitzarmena sinatu zuten horretarako; horri esker, eraikinen zati baten gaineko zuzeneko eta doako jabari-emakida izango du Aldundiak 75 urterako, eta Udalak lurzoruaren titulartasuna gordeko du.

Hala, daborduko Azpiegiturak, obra gauzatzeaz arduratzen den foru-enpresak, du ardura eraikina bota eta zentro berria eraikitzeko proiektua gauzatzeko.

Eraisketa, gero eta gertuago

Gaur, astelehenean, tokiko auzokideek HIRUKAri jakinarazi diotenez, Azpiegiturak eta Redenor enpresak eraikinetara sartu dira, "eraisketa-lanak prestatzeko-edo". Hori dela eta, herritarrek bilera irekia deitu dute gaur arrastirako, 18:30erako, Etxe Merkean, datozen egunotan zer egingo duten planifikatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun