Lope de Vegako auzia

Pertsona bat osasun-zentro batera eraman behar izan dute gaur Lope de Vega kaleko eraikinak babesteko eserialdian

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2023ko ots. 15a, 09:43

Gaurkoan ere, dozenaka auzokidek eserialdia egin dute Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinak babesteko asmoz. Ertzaintzak protesta desegin du, eta, zeregin horretan, pertsona bat zauritu du buruan. Gizona mareatuta gelditu da lurrean, botata, eta anbulantzia bat bertaratu behar izan da; bertan artatu ondoren, erietxera eraman dute.

Goizeko 07:15ean jarri dute hitzordua gaur, eguaztenean, auzokideek Bizkaiko Foru Aldundiak bidalitako Redenor enpresako langileak nagusien etxea eta gaztetxea izandako eraikinetara sartzea ekiditeko. Lehenengo ordutik, Ertzaintzako brigada mugikorreko hiru furgoneta egon dira bertan, zain, inor lekura bertara ez zedin. Hala ere, ekintzaileek Lope de Vega kalera sartzea lortu eta eraikinak inguratzen dituen burdin-hesiaren atean jarri dira, eserita, elkarri lotuta, atzo egin bezala.

Euren asmoa da eraikinok ez botatzea, Getxoko Udalak eta Aldundiak haiek bota eta belaunaldien arteko zentro berri bat eraiki ez dezaten. Hala ere, ertzainek istiluen kontrako babesak jantzi eta eserialdia "modu bortitzean" desegiteari ekin diote. 08:00ak pasatxorako, egindako herri-harresia desegin dute. Zeregin horretan, ertzainek pertsona bat zauritu dute buruan, eta hasiera batean osasun langileek hura artatzea ukatu dioten arren, azkenean, Osakidetzako anbulantzia bat deitu dute.

Gizona lurrean botata egon da denbora luzez, mareatuta, osasun-beharginak lekura bertaratu, bertan artatu eta, azkenean, osasun-zentro batera eraman duten arte. Auzokideek deitoratu dutenez, hasieran, ertzainek leku-aldatzea oztopatu gura izan dute, baina, finean, trasladoa baimendu dute.

Protesta deseginda zegoela, bertan aritu direnek HIRUKAri jakinarazi diotenez, Lope de Vega kalearen ingurutik pasatzen diren gizon-emakume "susmagarriak" identifikatzen ari dira ertzainak orduotan, 11:00ak aldera, eserialdian eta protestetan parte hartu dutelakoan. "Identifikatzeko eskatzen ari dira, eta horri uko eginez gero, atxilo eramango gaituztela mehatxatzen ari dira", jakinarazi dute.

Polizien jarrera oldarkorra salatu dute

Atzo goizeko gertakarien ondotik, arrastian ere ertzainek manifestarien kontrako jarrera oldarkorra izan zutela salatu dute auzokideek, tokiko hainbat elkartek eta Udaleko oposizioko alderdiek. Goizean, pertsona bat atxilotu eta beste hainbat zauritu zituzten, tartean, HIRUKAko argazkilaria. Arrastian, berriz, manifestatzen ari zirenen kontra borra-kolpeka ere hasi ziren agenteak.

Arrastiko 19:00etan elkarretaratzea deituta zuten auzokideek, goizean bezala, Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinak babestea aldarrikatzeko. Azkenean, manifestazioa egin zuten eta, une batean, ertzainak auzokideen kontra jo zuten.

Ildo horretan, Paco Rama Ibar Nagusien Etxea elkarteko presidenteak salatu du Ertzaintzaren jarrera "neurriz kanpokoa" izan dela bi egunotan: "Hemen gaudenok modu baketsu batean aritu gara protestan, gazte eta adinekoak, eta ertzainek modu oldarkor eta bortitz batean egin digute aurre. Haien jarreraren ondorioz, auzokide asko zaurituta artatu behar izan dituzte". 

Tokiko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeek gogor salatu dute atzo jazotakoa. Ildo horretan, talde moreak iragarri du gaia urgentziaz jorratuko dutela Bozeramaileen Batzordean, "eta azalpenak exijituko dizkiogu gobernu-taldeari (EAJ eta PSE-EE).

Getxoko PPk, bere aldetik, deitoratu du EAJk eraikinon eraisteagaz abiatu gura izan duela hauteskunde-kanpaina: "Agirrek ez du kanpaina Nagusien Etxea eraitsita bakarrik egingo; are, gure adinekoak jipoitzen abiatu du".

Gaurko protestaldiaren zuzeneko jarraipena, Twitterren

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun