Zapatukoa bezalako eraso gehiagorik onartuko ez dutela azpimarratu dute Algortako Mugimendu Feministako kideek

Iker Rincon Moreno 2023ko mar. 1a, 20:05

150 bat pertsona elkartu dira gaurko elkarretaratzean.

Zapatu goizaldean Getxon izandako sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratze jendetsua egin dute gaur, martxoaren 1ean, Algortako Telletxe plazan. Tokiko Mugimendu Feministak deituta, bertan batutakoek "nazkatuta" daudela azpimarratu dute, eta, besteak beste, mota horretako erasoen aurrean erakundeen "pasibitatea" salatu dute: "Non daude politikariak? Hauteskundeetarako kokatzen daude, aginteari zelan atxiki pentsatzen, egunero askotariko erasoen haziak ereiten dituzten bitartean".

Gaur, eguaztenean, elkarretaratze jendetsua egin dute Telletxe plazan, Algortako Mugimendu Feministak deituta. Horretan, zapatu goizaldean emakume batek jasandako sexu-erasoa arbuiatu dute, baita eraso horien aurrean politikariek, alderdi politikoek eta, orokorrean, erakundeek erakusten duten utzikeria salatu ere.

19:00etan abiatutako mobilizazio isila amaitu ondoren, protestaren deitzaileek azpimarratu dute "nazkatuta" daudela aste-akabuko gertakaria bezalakoen berri izateaz, "gure herrietan kalera lasai ezin irteteaz, lagun arteko konplizeez, polizia eta epaileen hipokresiaz, gure testigantzak zalantzan jartzen direla ikusi behar izateaz, Mugimendu Feministaren kriminalizazioaz, Udalaren pasibitateaz...". Zerrenda luze horri erantzunez, galderak bota dituzte: "Non daude erakundeak? Zer ari dira zuritzen? Zer babesten?".

Horiei erantzunez, deitoratu dute erakundeak ez daudela emakumeak babesten, eta martxoaren 8aren bueltan elkartzen diren agintariak gaurko elkarretaratzean ikusi nahiko lituzketela azpimarratu dute.

Era berean, "gizon aliatuak" non ote dauden galdetu dute, "etxean emaztea isilarazten duten bitartean, jendearen aurrean berdintasuna ozen aldarrikatzen duten horiek?". Konplizerik ez izateko eskatu diete gizon guztiei, ez dutelako euren atzetik ibiltzerik nahi, begirada lizunik, eskatu gabeko hitzik, bortxaketarik ezta erailketarik ere. Izan ere, aste-akabu honetakoak bezalako erasoak gizon horien errua dela adierazi dute, eta azpimarratu dute horiek geldiarazi beharko dutela dinamika hori: "Zuen dinamika propioak abiatu behar dituzue, erasoak identifikatu eta moztu, zuen inguruetan deserosotasuna sortu eta tolerantziarik ez izan jarrera matxistekin, pauso bat atzera eman. Guk ez dugulako erasorik onartuko!".

Martxoaren 8an kaleak betetzeko deia

Erakundeek, "patriarkatuak", emakumeak bereizita eta elkarregaz haserre gura dituztela deitoratu dute Algortako Mugimendu Feministako kideek, baina, horren aurrean, haiek elkar zainduz, saretzen eta ahizpatasun keinuz erasoei aurre egingo dietela aldarrikatu dute: "Emakumeok, goazen elkarrekin kaleak, plazak eta ekitaldiak betetzera. Autodefentsa feministaz, bizitzak erdigunean jartzen ari garelako".

Hala, ildo horretan, datorren astean izango den martxoaren 8a "borroka eguna" izango dela iragarri dute, "aurten, inoiz baino indartsuago hartuko ditugu kaleak". Horretarako, herriko mobilizazioan, antolaketa lanetan eta osteko eztabaidetan parte hartzeko deia egin dute: "Guztion artean lortuko dugulako sistema hau iraultzea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun