Azken urteotan ezinegona eragin dute egun eguzkitsuetan Getxoko Azkorri inguruan sortzen diren auto-pilaketak eta masifikazioak. Tokiko hondartzei zerbitzua ematen dien aparkalekua topera dagoenean, inguruko berdeguneak ibilgailuz beteta ikusi ahal izan dira, eta horrek haserrea eragin du inguruko auzokideen artean. Horri aurre egiteko, besteak beste, Azkorri Bizirik auzo-elkarteak Gorrondatxe hondartzako sarbidean dagoen zelaiaren ertzean egurrezko hesolak jarri zituen 2021eko irailean, autoen sarbidea mugatzeko eta berdeguneetan kotxeak aparkatzea ekiditeko. Hala ere, urtez urte irudia errepikatu egin da.
Aurten, udan inguru horretan sor daitezkeen arazoak ekiditeko asmoz, Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) iragarri du disuasio-neurriak areagotuko dituela. Besteak beste, Udaltzaingoak ingurua zelatatuko du, eta gidariak ohartarazteko seinaleak areagotuko dituzte, Goienetxeko estratan bereziki. Gainera, aparkatzea debekatuta dagoela jakinarazten duen lerro horia margotuko dute errepidearen bi aldeetan, Zientoetxeko bidegurutzetik estratako lehen edukiontzietaraino. Halaber, udal garabi-zerbitzuak gaizki aparkatuta dauden ibilgailuak erretiratuko ditu, eta, hori jakinarazteko seinale bertikalak jarriko dituzte inguruan. Era berean, inguruko ibilgailuen abiadura 30 km/h-ra mugatuko dutela azaldu dute arduradunek.
2020an Udalak biribilgune bat eraiki zuen Zientoetxeko bidegurutzean, tokiko trafikoa gidatu eta egoerari irtenbidea eman guran. Hala ere, Azkorri Bizirik auzo-elkarteak, tokiko bizilagunek eta EH Bilduk deitoratu dute horrek ez duela arazoa konpondu, "argi ikusi den bezala". Mikel Bildosola EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du ezin zaizkiola erraztasunak ematen jarraitu kotxeei; are, nabarmendu du garraio publikoa areagotu eta bizikletentzako aparkalekuak jarri egin behar direla arazoari "irtenbidea" emateko, besteak beste: "Partxeak jarri eta aurrera egiten dute, baina arazoa ez dute konpontzen".
Ildo horretan ere, Azkorri Bizirik taldeak ibilgailu partikularreko mugikortasunaren alternatiba iraunkorrak jarri behar direla aldarrikatu du behin eta berriro, bizikleta eta autobusa bultzatuta, inguruko aparkalekuak aprobetxatuta, doako lantzaderak eta Getxobizi udal-zerbitzuaren bidez elkartuta, besteak beste.