Elkarrizketak

Ana Masa: "Une ezin hobea dugu taldean Ohorezko A Mailara igotzeko"

Iker Rincon Moreno 2023ko api. 25a, 12:14

Getxo Rugby taldeko emakumeak. @fredymonfoto

Domekako finala galdu arren, emozioz beterik oroitzen du Bartzelonaren kontra jokatutako partidua Getxo Rugby taldeko kide Ana Masak. Ohorezko A Mailara zuzenean igotzeko aukera izan zuten Faduran, baina, galdu arren, getxoztarrak animatzera harmailara hurbildutako zale kopuru handia gogoan du jokalariak, "hunkigarria izan zen". Mailaz igotzeko azkenengo aukera izango dute hori-beltzek aste-akabu honetan, promozio bidez, Olimpico de Pozueloren kontrako norgehiagokaren ondoren. Taldearen nondik norakoak eta etorkizunaz jakiteko batu gara Ana Masagaz.

2018an utzi zenioten Ohorezko A Mailan jokatzeari, eta, orain, kategoria goren horretara bueltatzeko aukerak dituzue. Zelan dago taldea uneotan?

Taldea asko aldatu da 2018tik, batez ere pandemia eta gero. Orain ia 50 jokalari ditugu, azken urteotan egindako promozio lanaren ondorio; nahiko jokalari goi-mailako lehen taldea eta euskal ligarako bigarren taldea eratzeko. Jokalari berri asko ditugu, baita beterano batzuk ere, eta guztiek izugarrizko gogoak dituzte bertan egoteko, ondo jokatzeko eta taldeko parte izateko. Une ezin hobea daukagu orain taldean

Bartzelonaren aurka zuzeneko pasea galduta, zeintzuk aurreikuspen dituzue promoziorako?

Ligako finala galdu dugu, baina oraindik daukagu igoerarako azken aukera, promozio partidua irabazten badugu. Olimpico de Pozuelok Ohorezko Mailan (Liga Iberdrola) 7. postua lortu du, eta haien aurka irabazten badugu, haiek jaitsiko dira eta gu igoko gara. Partidu bakarra izango da, asteburu honetan eta zelai neutralean.

Zelan ikusten duzue Olimpico de Pozuelo aurkari gisa?

Oso talde indartsua izan da beti, Ohorezko Mailan aritu dira urte askotan. Denboraldi hasieran haien aurka jokatu genuen lagunarteko partida eta irabazi genuen, baina asko indartu dute taldea denboraldi osoa Ohorezko Mailan jokatuz. Beste erritmo eta abiadura daukate zelaian, goi-mailako hainbeste partida eta gero. Errespetu handiz jokatu beharko dugu; ez da erraza izango.

"Oso berdindua izan zen domekako partidua, eta, azkenean, haiek irabazi zuten, baina sentimendu oso polita izan genuen, batez ere harmaila ikusi eta gero"

Zelan bizi izan duzue domekako partidua?

Domekako partidua itzela izan zen, oso hunkigarria. Aurkaria zaila, bai, baina partida asko gozatu genuen. Oso berdindua izan zen eta, azkenean, haiek irabazi zuten, baina sentimendu oso polita izan genuen, batez ere harmaila ikusi eta gero. Ez dakit zenbat zale hurbildu ziren Fadurara, baina asko. Eta ez bakarrik Getxokoak, baizik eta Euskadiko beste talde askotako jokalari eta jokalari ohiak ere. Oso oso hunkigarria izan zen. Oso oroitzapen polita taldearentzat.

Finala Getxon jokatzea lortu zenuten; zer da zuentzat halako partidu bat etxean jokatu ahal izatea?

Finala etxean jokatzeko ligako lehen postua lortu behar genuen fase erregularrean, eta hala izan zen. Izugarrizko oparia izan zen guretzat, Faduran halako partida bat izatea. Aurreko aste osoan zehar ere elkartasun-adierazpen asko jaso dugu herrian, klubean bertan eta baita kalean ere. Oso polita izan da hainbeste zale Faduran ikustea, benetan aukera paregabea.

Zer balorazio egiten diozue azken denboraldi honi?

Oso denboraldi polita izan da. Jokalari asko ditugu eta guztiek bat egin dute bi taldeak aurrera eramateko. Bigarren taldeak igoera lortu du, eta lehenengo Euskal Liga jokatuko du hurrengo urtean; beraz, gure eskuetan dago lehenengo taldeak ere igoera lortzea.

"Emakumeen errugbia asko hazi da azken urteotan, bai jokalari kopurua bai jokoaren maila"

Bartzelona da gailendu izan ez duzuen talde bakarra denboraldi honetan, ezta?

Bai. Hirutan jokatu dugu haien aurka, liga erregularrean joan eta etorriko partiduak, eta finala izan da hirugarrena. Lehengoa Bartzelonan izan zen, eta ondo irabazi genuen, baina nabaritu genuen oso indartsuak zirela eta oso ondo lan egiten ari zirela hobetzeko. Bigarren partidua Faduran izan zen, eta azken segundoan galdu genuen. Oraingoan geneukan hori konpontzeko aukera… baina berriz galdu egin dugu haien aurka.

Zer egoera bizi du gaur egun emakumeen errugbiak?

Emakumeen errugbia asko hazi da azken urteotan, bai jokalari kopurua bai jokoaren maila. Liga guztietan zehar ikusten den joera da, eta izugarri pozten gara hori ikustean. Aldi berean, askoz ezagunagoa da eta leku gehiago dauka komunikabideetan, adibidez.

Eta emakumeen kirolak orokorrean?

Uste dut emakumeen kirolak ere joera bera izan duela azken urteotan. Errugbia kirol txikia da, baina beste kirol askotan gero eta emakume gehiago ikusten dira orokorrean. Oso joera polita da hau, batez ere oraingo jokalari gazteek erreferenteak ikusteko eta kirola egiten jarrai dezaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun