Oposizioko talde guztien kontrakotasuna eta sozialisten zinegotzi biren abstentzioa izan arren, EAJk PSE-EEren zinegotzi baten aldeko botoa bakarrik behar izan du atzo bertan luzatutako zerbitzuari jarraipena emango dion kontratu berri bat esleitzeko espedienteari hasiera emateko. Hala, udal-iturriek zehaztu dutenez, "kontratu berriaren lizitazio-prozesua bermeekin hasi ahal izango da".
Kontratua luzatzeko proposamena osoko bilkuran eztabaidatzeko bigarren aldia izan zen atzokoa; aurretik martxoan aurreikusi zuten puntu hori, baina bilkura hasi bezain pronto gobernu-taldeak gai-zerrendatik kentzea erabaki zuen, zerbitzuko langileen eta PreZero enpresaren arteko lan-gatazkari irtenbidea emateko akordioaren zain. Bi aldeek akordioa adostu dute eta, hala, gobernu-taldeak kontratuaren onarpena eraman zuen atzo udalbatzara.
Gobernuko bazkide sozialistaren hiru zinegotzietatik batek aldeko botoa eman eta bi abstenitu egin ziren garbiketa kontratu berria esleitzeko proposamenean. PSE-EEk, bere jarrera justifikatzeko, adierazi zuen ahalik eta denbora gehien eman behar dela pleguak egiten, eta parte-hartze handiagoa behar dela horiek hobetzeko. “Pleguek hobekuntzak jasotzen dituzte, baina hobetzeko aukera dute oraindik, hala nola zerbitzuko langileen dimentsionamendua. Ez dira gure pleguak”.
PPk, berriz, azpimarratu zuen plegu horietan ez dela langileakaz adostutako akordioa jasotzen. Halaber, deitoratu zuen lehiaketaren esleipena ez dela euro bakar batean igo, "eta baldintza-agirietan ez dira langileen soldata-igoerak jasotzen. Getxoren beharrei erantzuten ez dien kontratua da”.
EH Bilduren iritziz, kontratuaren bigarren luzapen hori "kaosaren adibidea" izan da. Salatu zuen pleguek ez dituztela gainerako taldeen proposamenak jaso, eta deitoratu zuen ez dela aldaketarik egon aurkeztu diren pleguetan. Hala, talde horrek bere bere kontrakotasuna azaldu zuen, esanez “ez dela bete gobernu-taldeak aurreko legegintzaldian gure taldearekin sinatutako akordioa. Bost urteren ondoren, konpostaje-planta amaitu gabe dago, eta organikoaren bilketa ere berandu iritsi da”.
Bestalde, Elkarrekin Podemosek osoko zuzenketa eta zortzi zuzenketa partzial aurkeztu zituen, baina atzera bota zituzten guztiak. Talde horrentzat, Udalaren zerbitzu orokor garrantzitsuenen plegua elkar ulertzetik eta hausnarketa kolektibotik jorratu beharko litzateke, herritarrak, langileak eta gizarte-eragileak kontuan hartuta. “Ez da hondakinen kudeaketan aurrera egiten duen plegua, ez eta herritarren eskaerak jasotzen dituen agiria. Kontratua gehiago bereiztera bideratuta dago, eta ez 0 hondakinetara bideratua”, adierazi zutenez.
Kontratu berriaren harira, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) azpimarratu zuen pleguek zerbitzuak ematen jarraitzen dutela, "modu iraunkorrean garbitzeko eta biltzeko orientazioarekin, eta herritarren, profesionalen eta enpresa kudeatzaileen inplikazioarekin. Gaikako bilketako zerbitzu berriak (zati organikoa, komertzialak eta ekoizle handiak) biltzen ditu behin betiko. Altzarien eta tresnen bilketa sartzen du, lehen aukera gisa berrerabiltzeko, baita Garbigune Finkoak ere (orain arte bezala) aholkularitzarekin. Larrañazubiko Ingurumen Gunea ustiatzeko aukerak barne hartzen ditu, konpostaje-planta bat eta deshumektazio-planta bat ezarriz gainerakoen zatikirako, baita bereizketa-mailak igoko dizkiguten beste jarduketa batzuk ere”.
Horrez gainera, iragarri zuten langileen arloko politiketan eskakizun berriak "arautuko" direla, "bereziki enpresei eskatzen zaien Berdintasun Planean, eta gure herritarrek, merkataritzak eta ostalaritzak planteatutako erronka berriei aurre egiten saiatuko gara, bai bide-garbiketan, bai bilketa-arloan (hau da, erantzun-denborak, zigarrokinen, animalien gorozkien, sortutako zarata elektrikoen eta abarren aurreko erreakzioak), eta flotaren eta makineriaren mugimenduak eta emisioak hobetuko dira”.
Kontratuaren zehaztasunak
Kontratu berriak bost urteko iraupena izango du, gehienezko aurrekontua 58 milioi euro ingurukoa izango da, eta lau ataletan banatuko da: hiri-garbiketako zerbitzu orokorrak, hiri-hondakinen edo udal-hondakinen gaikako bilketa eta garraioa; Udalaren ingurumen-gunearen ustiapena; tamaina handiko hondakinen eta tresnen bilketa (berrerabiltzeko prestatzeko premisapean); eta etxeko hondakin arriskutsuak biltzeko puntuen kudeaketa. Horietan guztietan berdintasuna sustatu eta, azken biak, gainera (tamaina handiko hondakinen bilketa eta etxeko hondakin arriskutsuak biltzeko guneen kudeaketa), laneratzeko enpresentzat gordeko direla iragarri dute udal-agintariek.
Azaldu dutenaren arabera, kontratu berria arautuko duten pleguak Europar Batasunaren zuzentarauan eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Estatuko Legean jasotako gaikako bilketaren, berrerabiltzeko bereizketaren eta birziklatzearen helburu berriei buruzko araudi berrira egokituta egongo dira.
Berrikuntzak ere iragarri dituzte, hala nola tresnak berrerabiltzeko eta Garbigune Mugikorra Garbigune Finkoetara pasatzeko zerbitzu bat, "gutxienez 9 punturekin eta 17ra iristeko aukerarekin"; era berean, gordelekuaren, garajearen, aldagelen eta bulegoen oinarria, konpostaje-planta berria eta haren ustiapena, etorkizuneko deshumektazio-planta eta Larrañazubiko Ingurumen-Gunean Garbigune bat kokatzea barne hartzen du.
Garbiketa-eremuak ugaritu egingo direla azaldu dute, 26 guztira; bilketa-zerbitzuak gehitu dira: organikoa % 100ean zabalduta; inausketa jabekideen erkidegoetan eta etxez etxeko bilketa-zerbitzua jardueretarako. Plazetako eta erdiguneetako kaleak baldeekin eskuz garbitzea ere aurreikusten da; arratsaldeetan errepasatzeko ekorketa, abisuen arretarekin; eta animalien gorotz eta txizen garbiketa indartua, besteak beste.
Bestalde, pleguek tresna eta ibilgailu berriak sartzea proposatzen dute, ekortzeko 5 xurgagailu eta triaje-erretiluagaz lagundutako orgak, eta inbertsioak 125 paperontzi eta 60 edukiontzi berritzeko urtean, baita ekitaldietarako 90 kubo ere.
Kontratutik kanpo geratzen da, aldiz, ibilgu, ezponda, erribera eta hezeguneen garbiketa.