Munduko Kopako finalaurrekoetan parte hartzeko laguntza eske ibili zara egunotan. Zelako emaitza izan duzu?
Emaitzak izugarrizkoak izan dira; amak sortu zuen crowfunding-a, eta, egia esan, ideia ezin hobea izan zen horrelako kanpaina bat egitea proposatu zuenean. Egun batean lortu genuen proposatutako diru kopurua betetzea; izugarria izan zen. Egia esan, kanpainak izan duen hain emaitza onari esker, arazorik gabe joan ahal izan naiz. Lehen aldia izango da hain urrun joan naizena lehiatzera, eta gogo handiak ditut mota honetako txapelketara joateko.
Paraguain da lehia; zenbat kostatzen du mota horretako txapelketa batean parte hartzeak?
Txapelketan parte hartzeko inskripzioak bakarrik 85 euro balio du. Baina bidaia guztiak 2.500 euroko kostua izango du.
Zelan egiten diete aurre gastuei beste patinatzaileek?
Familiek ordaindu behar izaten dute dena, baita entrenatzailearen gastuak ere. Eta ni, normalean bakarrik izanik, nazioarteko txapelketetan gastua bikoitza da. Espainiako selekzioak konbokatuta egon arren, federazioko maillota guk ere ordaindu behar dugu. Hau beste kiroletan pentsaezina da…
Ez da lehenengo aldia, baina, atzerrira zoazena lehiatzera, ezta?
Ez, duela bi urte Espainiako bigarrena izan nintzen, eta, horri esker, nazioartean lehiatzen hasteko aukera izan nuen. Azken urteotan Portugalen, Alemanian eta Herbehereetan aritu naiz, besteak beste. Baina, noski, txapelketa horiek ezin dira alderatu Paraguaira joateko aukerarekin.
Ez dira gutxi ezta ere etxera ekarritako txapelak. Zelan laburtuko zenuke zure ibilbidea?
Ibilbide luzea izan dut, bai, txikitatik hasi bainintzen lehiatzen. Ibilbide luzea eta aurrerakoia, neure Espainiako lehen txapelketa soilik 12 urte nituela izan zen, kimua nintzela, baimendutako kategoriarik txikienean. Errioxarekin lehiatu behar izan nintzen, Euskadin ez zigutelako uzten infantilak izan arte. Urte hartan azkena geratu nintzen, eta hurrengo urteetan postu batzuk igo nituen arren, gauzak ez ziren gehiegi aldatu. 2019an, Euskadiko txapelduna izanik, Espainiako txapelketara joateko aukera kendu zidaten Euskadi eta Bizkaiko federazioen artean izandako desadostasunengatik. Federazioko erabaki horrek min itzela egin zidan. Gerora, 2021ean, Espainiako txapeldunordea izan nintzen, eta han hasi zen nire ibilbidea nazioarteko txapelketetan parte hartzeko.
Noiz hasi zinen patinatzen, eta zergatik?
Zazpi urte nituela hasi nintzen, eta egun hartatik ez dut inoiz utzi. Amarekin eskolatik bueltatzean Getxoko Andra Mariko kiroldegiaren aurretik pasatzen ginen egunero. Egun batean, kanpoko beiratean gelditu ginen entrenamendua begiratzen, eta, egun horretatik aurrera, sarriago hurbiltzen hasi nintzen. Behin, maillot edo jantzi more bat zeraman neska bat ikusi nuen, eta bere jantziak liluratuta utzi ninduen. Han izan zen gurasoei patinatu nahi nuela esan nienean; haiei ez nien esan, baina nik benetan nahi nuena zen neska horrek zeraman bezalako maillota janztea. Patinatzeak ala ez bost axola zitzaidan momentu hartan.
Hala, klaseko kide batekin hasi nintzen patinatzen, eta benetan gustatu zitzaigula bioi. Urteak batera eman eta gero, berak patinatzeari utzi zion, baina nik aurrera egin nuen. Oso motibatuta nengoen, eta halaxe segitu dut gaur egun arte.
Zertan datza zure modalitateak, Solo Dance-ak?
Solo Dance modalitatea nahiko teknikoa da oinen teknikari dagokionez, eta musikarekin dantzatzea oso garrantzitsua da. Hainbat elementu daude derrigorrezkoak direnak muntaia bakoitza egiteko, eta araudi oso zehatza bete behar dugu. Junior kategoriakoa izanik, aurten, bi muntaia aurkeztu behar ditut txapelketetan: motza, Style Dance deitutakoa; eta luzea, Free Dance. Muntaiek 3 minutu eta 3 minutu eta erdi inguru irauten dute, eta bakoitzean derrigorrezko lau eta bost elementu txertatu behar ditugu, 10 eta 40 segundo inguruko iraupena dutenak.
Zelan ikusten duzu zure etorkizuna kirol honetan?
Txikitatik argi izan dut entrenatzailea izan nahi nuela. Duela bi urte hasi nintzen klaseak ematen klubeko txikiei, eta oso gustura nago haiekin. Aurten hasi naiz klubean eta klubetik kanpo koreografiak muntatzen, eta asko gustatzen zait ere. Patinatzaile guztiek aldatzen dituzte muntaiak urtero, eta guztiek behar dituzte horiek egiteko koreografoa. Beraz, entrenatzaile eta patinaje-koreografoa izatea gustatuko litzaidake.
Orain, baina, selektibitateko probetarako prestatzen ari zara… Zelan uztartzen dituzu entrenamenduak eta eskolak?
Askotan momentu zailak eta gogorrak izaten dira txapelketa eta entrenamenduengatik ditudan denbora-faltak. Gehienbat ikasturteko azken hilabete honetan nabaritu dut eta nabarituko dut, txapelketen garaia orain hasten delako. Beraz, gehienetan lo gutxiago egitea da tokatzen zaidana eta asteburuak ahal bezain beste aprobetxatzea. Bidaietan bertan ere ikasi beharra daukat, kotxean edo hegazkinetan.