Gaur egungo bizi-erritmoari "etena" egitea aldarrikatu gura duzue aurtengo Getxophoton, zergatik?
Gelditzeko eskubide hori aldarrikatu gura dugu, baina ulertzera emanez ez dela soilik kontu indibidual bat, gauza kolektibo bat ere badelako. Gelditu ezin garenaren sentsazio horrek irakurketa sozial bat ere du; izan ere, hainbat egitura tekniko eta kultural daude hiperproduktibitate-egoera horretan egonarazten gaituztenak. Gelditzea eta oporretan joatea pribilegio bat ere badela adieraziko dugu; izan ere, horretan pentsatzen jartzen garenean, askori itsasoa dator-kigu burura, baina itsasoa hainbat pertsonarentzat heriotza ere suposatzen du: Europaren hegoaldeko mugetara heldu guran urtero hiltzen diren hainbat pertsonen heriotza ere badelako itsasoa. Horregatik, besteak beste, itsasoaren zerumugaz berba egiten duten Esmeralda Kosmatopoulos artista grekoaren piezak egongo dira. Eten hori aldarrikatu gura dugu, baina hausnarketarako tartea alboratu gabe, atseden hori hartu ahal izateko lan egin edo sufritzen ari diren horien ikuspegia ahaztu gabe. Oporretan goazenean, zenbat jende ari da lanean atseden har dezagun? Orduan, etena ikuspegi politikoago eta kolektiboago batetik ere islatu gura izan dugu.
Horregaz erlazioa du gaur egun sare sozialetatik jasotzen dugun irudi eta informazio andanak ere. Nola eragiten dio horrek argazkigintzari?
Gaur egun, argazkigintza toki hegemonikoan egon arren, ez da beti horrela izan, XIX. mendean, argazkigintza margolaritzaren konpetentzia izen baitzen. Orain, sortzen ari diren arte forma berriei dagokienez, argazkilaritzak jarrera kontserbadoreagoak bereganatu ditu. Beraz, nik uste dut argazkigintza tradizionala irudiak sortzeko eredu teknologiko berriakaz elkar-biziko dela, margolaritzagaz egin zuen bezala. Beste kontu bat da adimen artifizialek orokorrean dakartzaten erronkak, ez sormenaren alorrean bakarrik, baita herritarren zaintzan edo komunikabideen kontrolari dagokionean ere. Erronka asko ikusten ditut nik hor.
"Hannah Collinsek irudi bakarra izango du Getxophoton, baina uste dut irudi horrek aurtengo ideia oso ondo kondentsatzen duela: etena egiteak ez du esan nahi ez egotea, Collinsen irudiko aizto-jaurtitzailea bezala, super-egoteko eten nahia baizik. Deskonektatu gura dugu, baina beste modu batera konektatu ahal izateko"
Zer kontatu ahal diguzu egitarauaren inguruan?
Hasteko, aipagarria da Gwendolyne Algortako diskoteka mitikoaren 50. urteurrena izango litzatekeela aurten. Jendeari argazkiak bidaltzeko eskatu diogu eta hainbat jaialdi eta gertaeretako irudi asko eta asko jaso ditugu. Gure memoria kolektiboaren parte da hori eta Kasinoan jarriko ditugu irudiok ikusgai. Horrez gain, Begoñako galerietan M'hammed Kilitok oasien desagerpenari buruz egin duen lana erakutsiko dugu. Ez dira faltako argazkigintzaren nazioarteko lehen lerroko protagonistak dakartzaten Itxialdia hitzaldiak ere. Halaber, Pausometroan jendeak pausa aldarrikatu beharko du eta dagokion bolumena lortzean Pausometroak argazki bat aterako die; helburua da barruan dugun ezinegon hori askatzea eta gelditu gura dugula aldarrikatzea. Gelati Gelatik ere bi zaporeko izozkiak egingo dizkigu: bata, publiko guztientzako bitaminikoa izango da, eta, bestea, narkotikoa deitzen duguna, siestarako modukoa izango da, baina ez dakigu zein izango da bere osagai sekretua, kar kar kar.
Egin dituzun aurreko komisario edo ontzaile lanetan feminismoak, teknologiak, ingurumenak eta zientziak paper garrantzitsua izan dute. Getxophoton ere hori ikusiko dugu?
Bai, ingurumenak bere lekua izango du bai ala bai. Nire lanean hain sartuta dauden gaiak dira zerikusi gehiago dutela begiradagaz gaiagaz baino. Produktibitateri jarri beharreko mugetatik abiatuta, ikuspegi ekologistatik erreparatzen diot etenaren behar horri. Gure atseden beharrizanei eta munduaren erreprodukzio-zikloei entzungor egitea elkarregaz doaz, eta lurrak sortzeko duen gaitasuna bortxatu dugu, ziklo natural horiek azkartzeko eta estraktibismoa mugaraino eramateko. Gure gorputzakaz hori bera egiten dugu, behar bezala atsedenik eta guretzat denborarik hartzen ez dugunean. Logika bera da kasu bietan. Halaber, produktibitatearen beste aurpegia ugalketa da, horrek sostengatzen duelako produktibismo bortitz hori; beraz, hor ere feminismoaren ikuspegia txeratzen da. Hala ere, etetean, ezer ez egitea pentsatzen dugunean, kontziente izan behar gara norbaitek prestatu behar digula jatekoa, oporretan goazenean ere zenbat jendek egiten du lan guk atseden hartu ahal izateko? Beraz, hor ere pribilegioen ikuspegia antzematen da, izan ere, nor joan daiteke oporretan? Beraz, hausnarketa hori ere txertatu gura izan dugu aurtengo Getxophoton.
Komisarioaren lana beti lotu izan da artearen inguruko lan intelektual bategaz, aldiz, zuk artea naturagaz eta lurragaz dugun harremana aldarrikatzeko tresna bezala ere baliatzen duzu. Ikuspegi berri bat al da?
Arteak bere buruari buruz dio gaurkotasuna irakurtzeko tresna dela, eta niretzat ingurumenaren kolapsoa gaur egun denon ahotan dagoen gaia da. Artea, ezagutzak sortzeko gune bat den heinean, ezin daiteke horretatik at geratu; izan ere, munduan dugun tokia birpentsatzeko ezagutzak behar ditugu.
Nola irudikatuko duzue etenaren aldarrikapen hori Getxophotoko erakusketa eta jardueretan?
Niri asko arduratzen nau kontaketaren inguruan lan egiteak, eta horretan irudiak ez daude isolatuta, multzoan lan egiten dute eta proiektu bakoitzak kontaketaren ikuspegi batean sakontzen du. Nik gaiak dimentsio edo aurpegi askotako figura baten moduan irudikatzen ditut, eta guztiek osatzen dute kontaketa hori. Horrez gain, lanek beraien artean osatzen duten harremana ere interesatzen zait, baita erakusketa gune bakoitzean duten eragina ere. Horretarako, artistak aukeratzea puzzle bat egitea bezalakoa da, beraien artean ere osatzen doazelako eta horrela sortzen delako hainbat ikuspegi dituen kontakizun hori.
Ontze-lanak. "Getxophoto niretzat kultur erreferente bat da. Urte askoz jarraitu dut, eta atzean egotea izugarria da; asko disfrutatzen ari naiz ontze-lanak egiten"
Erabiliko diren guneei dagokionez, Algortako merkatuak protagonismo handia izango du, zergatik?
Elikagaiak munduari erreparatzeko izugarrizko bektorea dira. Zentzu horretan, supermerkatu batera joatea edo horrelako merkatu batean edo herriko komertzio txikietan kontsumitzea ekintza politikoa bat da, zure hurbileko inguruagaz lotzen zaituelako. Kontsumitzeko beste modu bat da, baina lehengora bueltatuz, mundu guztiak ezin dezake denbora hartu etenaldi hori egin eta merkatura joateko. Horrelako guneak aldarrikatzea eta bizi-kalitateagaz lotzea da helburua, bizitzea merezi duen bizi bat izatea, hain justu. Beraz, edizio honetako erdigunea Algortako merkatua izatea niretzat asmoen adierazpen argi bat da. Halaber, gune berriak ere bilatu ditugu, kasurako, Ereagako igogailua eta oraindik baieztatzeko dauden beste batzuk.
Nolakoa izan da Jon Uriarteren lekukoa hartzea?
Ederra izan da. Aspalditik Getxophotok daukan irudiaren inguruko hausnarketari esker, argazkilaritza-jaialdi soil bat baino gehiago izatera eraman duelako. Irudiaren bitartez gaurkotasuna duten gaiei buruz hausnarketa proposatzen du, eta ni ildo horretan oso ondo txertatzen naiz, artea eta kultura horrela ulertzen ditudalako. Gainera, Uriartegaz oso ondo konektatzen dut, bioi teknologiak interes handia pizten digulako, beraz, jarraikortasun hori oso modu naturalean eman da, eta hori Getxophotoren lorpena ere bada. Halaber, Uriartek ere gugaz lanean jarraitzen du, izan ere, aurtengo artista eta piezetako batzuk berak aukeratu ditu.