Usategiko pasealekua birmoldatzeko eta parkea eusteko lanak hasiko dira aste honetan

Iker Rincon Moreno 2023ko eka. 5a, 12:02

Usategiko pasealekua kaltetuta, luizien ondorioz.

Joan den otsailean abiatzea aurreikusita bazegoen ere, azkenean aste honetan hasiko dituzte Usategiko oinezkoen pasealekua birmoldatzeko eta parkea eusteko lanak, maiatzean esleitu ondoren. Ibilbidea 2021eko abenduan erori zen, eta ordutik itxita egon da. Pasealeku-tarte berriak 83 metroko luzera izango du. Parkeko plataformaren eta bidearen artean, luizi-gunea dagoen tokian (lehengo beheko pasealekua) hormigoi armatuzko hormatxoa egingo da, itxitura gisa.

Obrak bi atal nagusi ditu: alde batetik, Usategi parkea eustea eta hango ezponda egonkortzea bi mikropilote-lerroren bidez. Eta, bestetik, lur-jausiengatik kaltetuta gertatu zen pasealekuari jarraipena ematea, hondatutakoaren ordezko bide-tartea eraikiz. Gainera, antzeko egoerei aurre egiteko, segurtasun egokia emango zaiola iragarri du Udalak.

Pasealeku-tarte berriak 83 metroko luzera izango du. Parkeko plataformaren eta bidearen artean, luizi-gunea dagoen tokian (lehengo beheko pasealekua) hormigoi armatuzko hormatxoa egingo da, itxitura gisa.

Obrei hasiera emateko, makinak Gariñe kaletik sartuko dira. Bestalde, Gariñe kaleko 3. zenbakiko jabeen komunitateko garajeetarako sarbidean, lanek ez dute eraginik izango. Obraren itxitura komunitate horretako garajeetarako sarbidea igaro ondoren kokatuko da, eta gutxienez 2 metroko tartea utziko da herritarrak pasatzeko. Kostaldeko ibilbidetik jarraitzeko, Usategi kafetegiaren ingurutik Landeneko zelaietaraino, kale horretatik eta bere eskaileretatik joan beharko da, obren eremua gainditu ondoren ibilbidera eramango baitute.

Parkerako sarbidea itxita egongo da pertsona guztientzat, lanakaz eta makinariagaz interferentziarik egon ez dadin.

Proiektuaren aurrekontua 392.000 euro ingurukoa da (BEZa barne), eta lanak egiteko epea 4 hilabetekoa da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun