Aurtengo Getxophotoko artisten lanak hurbiletik ezagutzeko euskarazko bisita gidatuak egunez nahiz gauez, oinez zein bizikletan bakarka edo taldean egiteko aukera eskaintzen ari dira antolatzaileak.
Egunekoei dagokienez, parte hartzeko oraindik bi aukera geratzen dira: hondartzatik hilaren 18an egingo dutena eta Getxoko erdiguneko 24koa. Hitzorduak 11:30ean hasiko dira kasu bietan; hondartzan egingo dutenaren kasuan Begoñako galerietan lotuko dira eta Algortako kasinoan bukatuko dute. 24an, erdigunean egingo dutenaren kasuan, Algortako informazio puntuan lotuko dira eta Amezti aretoan bukatu.
Ekainaren 9an, eguzkia ezkutatzen denean, gaueko bisita gidatuari hasiera emango diote 21:30etik aurrera, Algortako azokatik abiatuta. Esku-argia baliatuz, edizio honetako artisten lanetara gerturatzeko beste modu bat proposatuko dute egun horretan.
Bizikletak gustuko dituztenek pedalei eraginez ere egin dezakete instalazio artistikoak ezagutzeko zeharkaldia. Txirrindulak hartuta, ekainaren 17an, zapatuan, Beñat Romerak gidatutako txangoa 19:00etan abiatuko da Ereagako hondartzatik Romo Kultur Etxeraino.
Gura izatekotan, Beñat Romerak bisita gidatu pertsonalizatuak ere egin ditzake taldeentzako. Jaialdiak aukera hori eskaintzen du getxophoto@getxophoto.com helbidera idatziz edo 946 576 475 telefono-zenbakira deituz.
Egunekoak
Euskaraz: Ekainak 24, larunbata
Ordua: 11:30-13:15 gutxi gorabehera
Irteera: Punto info – Azoka (1. zbk mapan)
Iritsiera: Amezti Aretoa (9. zbk mapan)
Euskaraz: Ekainak 18, igandea
Ordua: 11:30-13:15 gutxi gorabehera
Irteera: Punta Begoña Galeriak (15. zbk mapan)
Iritsiera: Algortako Kasinoa (10. zbk mapan)
Gauekoak
Irteera: Info Punta – azoka (1. zbk mapan)
Iritsiera: Punta Begoña Galeriak (15. zbk mapan)
Bizikletaz
Ordua: 19:00-20:30
Irteera: Ereagako hondartza (13. zbk mapan)
Iritsiera: Romo Kultur Etxea (16. zbk mapan)
Ez ahaztu kaskoa!