Zertan datza Getxo ZUrt! egitasmoa? Zergatik sortu zenuten proiektu hau?
Proiektu honen hastapenak 2021. urteko urtarrilean kokatzen dira: Fundación Doble Sonrisa elkarteko Naomi Hasson eta biok elkarrizketa bat izan genuen, eta nahiz eta arlo ezberdinetatik etortzen ginen, biok argi genuen suizidioa saihesteko lanak egin behar genituela Getxon. Modu horretan, Getxo ZUrt! egitasmoa nazioartean eraginkorrak gertatu diren neurriak aplikatzetik sortu zen. Halaber, proiektu hau Getxo Bihozbera komunitatearen parte da, eta udalerrian jokabide suizidaren intzidentzia, prebalentzia eta inpaktua murrizteko helburuarekin sortu zen.
"Maila anitzetan diharduen prebentzio proiektu komunitario eta parte-hartzaile batean oinarritzen da egitasmoa, zehazki, jokabide-suizidaren prebentzioa, interbentzioa eta posbentzioa landuz"
Horrenbestez, Nazioarteko ebidentziak aditzera eman du leku publikotan egindako interbentzioak direla suizidioa prebenitzeko ekintzarik eraginkorrenetarikoak. Eta, horri jarraituz, arrisku handiko lekuak babestea da Euskadin Suizidioa Prebenitzeko Estrategian (2019) jasotzen den neurria. Horregatik, gurean, Galeako itsaslabarra ohiko suizidio lekua izanik, Getxo ZUrt! egitasmoa martxan jarri genuen bertan jarduteko beharrari jarraiki. Era horretan, maila anitzetan diharduen prebentzio proiektu komunitario eta parte-hartzaile batean oinarritzen da egitasmoa, zehazki, jokabide-suizidaren prebentzioa, interbentzioa eta posbentzioa landuz. Era berean, proiektu aurrendaria dela esan daiteke, komunitatean ardazten dituelako aurrera eramandako prebentzio neurri guztiak.
Zehazki, zeintzuk dira martxan dituzuen ekintzak suizidioaren prebentzioa, interbentzioa eta posbentzio hori bermatzeko?
Getxo ZUrt! proiektuaren barnean aurrera eramaten ditugun ekintza nagusiak lau dira. Hasteko, biztanleriak suizidioaren prebentzioaren, esku-hartzearen eta posbentzioaren inguruan duen ezagutza areagotzeko helburua dugu. Horretarako, alde batetik, mito zein ideia faltsuak deseraikitzen ditugu; beste aldetik, era sentikor eta arduratsu batean jokaera-suizidaren epidemiologia eta fenomenologia ezagutarazten ditugu; eta, azkenik, herritarrei egun dauden prebentzio, esku-hartze zein posbentziorako errekurtso publikoen berri ere ematen diegu.
"Galeako amildegietan pertsona zaurgarriak laguntza eskatzera bultzatu eta baliabide eraginkorren berri ematen duten kartel zein seinaleak instalatzeko proiektua dugu martxan"
Bigarrenik, Galeako amildegietan pertsona zaurgarriak laguntza eskatzera bultzatu eta baliabide eraginkorren berri ematen duten kartel zein seinaleak instalatzeko proiektua dugu martxan. Modu horretan, boluntario talde bat itsaslabarretan ibiltzen da astero, eta, haiek, benetan lagungarria den presentzia, laguntza eta itxaropena sinbolizatzen dute. Hirugarrenik, maitatutakoren bat suizidioz galdu duten pertsonen arteko bilerak eta elkarguneak indartzen ditugu (horri posbentzioa deritzo), interakzio horrek bakardade eta isolamendu-sentsazioa murrizten dituelako. Azkenik, aurrera eramaten dugun beste ekintza bat da koordinatzea jokaera-suiziden kudeaketan diharduten agente ezberdinen esku-hartzea. Modu horretan, jarduera protokoloaren hobekuntzan laguntzen dugu.
Sarritan deserosotasuna sentitzen dugu suizidioaz mintzatzean. Nola normalizatu dezakegu afera hau?
Mito eta faltsukeriei aurre eginez. Besteak beste, suizidioari buruzko mitoak eta ebidentziak hauek dira: suizidioari buruz hitz egiteak ez du suizidioa sustatzen; alderantziz, prebentzioa sustatzen du. Ebidentziak erakutsi du jokabide suizidaren arriskua prebenitu daitekeela, eta gaixotasun mentala arrisku-faktore garrantzitsua den arren, suizidio-arriskua duten guztiek ez dutela nahasmendu mentalik. Halaber, suizidio-mehatxuak arreta-dei bat direla mito bat da; alderantziz, ez da inoiz suizidio-mehatxurik gutxietsi behar, pertsona hori ideazio-suizidatik suizidio-saiora pasatzen ari dela adierazten baitu.
Horretarako, ezinbestekoa da arrisku-faktoreak, babes-faktoreak, prezipitatzaileak, alarma-seinaleak eta gure artean ditugun laguntza-baliabideak guztiak ezagutzea. Modu horretan, informazio hori badugu, edonorengan min mentala edo sufrimendua nabaritzen dugunean, suizidio arriskurik ote dagoen detektatzeko galderak egin ahalko dizkiogu, lasaitasunez, eta, betiere, inongo epaiketarik egin gabe.
Zeintzuk dira bere buruaz beste egiteko nahia duten pertsonen "alarma-seinaleak"?
Beharbada, errazen identifikatu daitekeen alarma-seinalea suizidioari buruz hitz egitea da. Adibidez, hiltzeko edo bere buruaz beste egiteko gogoa jakinaraztea; edota suizidatzeko planak egitea —buruaz beste egiteko metodoak bilatzea—. Gainera, iruzkin, plan edo mehatxu horiek sare sozialetan ere argitaratu ditzake pertsona horrek. Bigarrenik, alarma-seinale psikologikoak ere badaude, hau da, min-psikikoa, etsipena, karga izateko pertzepzioa, edota norberarekiko etsaitasuna sentitzea. Hirugarrenik, hurrengo jokabide-seinaleak eta seinale fisikoak ere alarma-seinale ohikoak dira: konektagarritasun txikia izatea, hau da, kide izateko sentipen eskasa eta gizarte-inplikazio urria; loaren nahasmenduak edukitzea —lo ezina bereziki—; suminkortasuna; alkohol nahiz droga gehiago kontsumitzeko joera; gauzak oparitzea, agurtzea edota sare sozialak ageriko arrazoirik gabe ixtea…
Demagun inguruko lagun, familiar ala ezagun batek suizidatu gura duela komunikatzen digula, edota, esan gabe ere, guk suizidatzeko nahia sumatzen diogula. Nola jokatu beharko genuke bera laguntzeko?
Norbaitengandik kezkatuta egotekotan, hitz egin behar dugu berarekin: pertsonari entzun behar zaio, eta, betiere, guretzat garrantzitsua dela erakutsi. Gainera, lehen aipatu bezala, gomendagarria da suizidioari buruz galdetzea, baina lasaitasunez eta epaiketarik egin gabe. Modu horretan, ez gara bizitzaren balioari buruz eztabaidan hasiko, ezta arazoak gutxiesten edo aholkuak ematen ere; aldiz, aurrean daukagun pertsonaren sufrimendua balioztatuko dugu, eta gure laguntzeko asmoa erakutsiko dugu, askotan laguntza bilaketa dena.
Askotan ohartarazi dute komunikabideetan suizidioaren inguruko datuak eta berriak zabaltzea arriskutsua izan daitekeela gizartearentzat, modu horretan, suizidioa sustatzeko arriskua baitago. Ados zaude? Nola jorratu beharko litzateke suizidioaren auzia komunikabideetan?
Buruaz beste egiteagatik hil izana ez da albiste izan behar, batez ere tokiari edo metodoari buruzko informazioa partekatzen denean, edo arrazoi edo kausa bakar bat modu sinplista batean ezartzen denean. Hori egiteak pertsona zaurgarrien ondoeza areagotu dezake, eta, gainera, hildakoaren inguruneari kalte egiteko arriskua ere badago.
Aitzitik, komunikabideen jardunak efektu prebentibo bat ere izan dezake gure gizartean hurrengo lanketa hau egiten dutenean: suizidioa osasun publikoko arazo bezala ikusgai jartzen dutenean, eta horrekin inplikatuta dauden arrisku- eta babes-faktoreei erreparatzen diotenean, baita arrisku-seinaleak nola detektatu azaltzen dutenean ere. Gainera, gure artean diren baliabideak partekatzen dituztenean efektu prebentibo gisa ere har ditzakegu.
Aipatu bezala, maite duten norbait bere buruaz beste eginez galdu duten pertsonen elkartegintza ere sustatzen duzue. Nola egiten duzue?
Maitatutakoren bat galdu duten pertsonak ZUrt!-eko "superbibienteekin" harremanetan jartzeko aukera dute, izan ere, trauma hori bizi izan duten pertsonak dira entzuteko eta laguntzeko egokienak. Horretaz aparte, superbibienteek gure artean hartzen ditugun erabaki guztietan parte hartzen dute, Getxo ZUrt!-eko partaide aktiboak dira. Hala, haiek dira puzzlearen barnean funtsezko pieza.
Kontuan hartuz pertsona bakoitzaren dolua ezberdina dela, zeintzuk dira suizidioagatiko doluaren ezaugarri nagusiak?
Dolu bakoitza intimoa da, partikularra. Suizidioagatiko dolua bereziki zaila da, errua, haserrea, beldurra, lotsa eta distantzia soziala bezalako faktoreak lotzen dituelako. Lagun eta senideekin, eta lagun eta senideentzat lan egitea betebehar bat ezik, suizidioa saihesteko modu eraginkorrenetako bat ere bada.
Lehen aipatu duzun moduan, Galeatik kartel batzuk ere jartzeko asmoa duzue, modu horretan, suizidioa prebenitzeko. Zer nolako eragina dute pertsonengan horrelako mezuek?
Kartel horiek, pertsona zaurgarriak —min-psikiko bizia eta suizidio-ideiak dituzten ibiltariak— laguntza eskatzera animatzen dituzte. Ebidentziak erakutsi du eraginkorrak direla suizidioa prebenitzeko, izan ere, kartelak pertsona zaurgarriaren sufrimendua balioztatzen duen eta laguntzeko prest dagoen laguna sinbolizatzen du. Nahiz eta oraindik ez dugun kartelik jarri, laster horiek jartzen hastea espero dugu.
Nola eragiten dute sare-sozialek pertsonen osasun mentalean, eta, horrenbestez, suizidioan?
Sare-sozialen erabilera okerrak pandemia baino lehen ere kezkatu gintuen. Izan ere, sare-sozialek erabiltzaileak etiketatu eta konparatzen dituzte, eta askotan zoragarria bezain irreala den agertoki bat sortarazten dute. Horretaz aparte, sufritzen duten pertsonei ez die batere laguntzen: ezin dituzte ondoeza edo sufrimendua bezalako sentimenduak balioztatu, eta gaizki-ulertu izatearen sentipena ere areagotzen dute. Horrenbestez, isolatuagoak sentitu gaitezke sare-sozialen erabileraren ondorioz.
Hori gutxi balitz bezala, denbora kentzen digute benetako pertsonarteko harremanetan trebatzeko; eta, gainera, antsietate eta lo ezin maila handiagoarekin lotzen dira, batez ere, oheratu aurretik gauez sare sozialak ere erabiltzen direnean.
Osasun Aholkuaren doako telefonoa: 900 20 30 50
Itxaropenerako telefonoa: 717 003 717
Berehalako telefonoa: 024
Larrialdiak: 112