Amaia Agirrek errepikatuko du Getxoko alkate gisa, baina minorian gobernatu beharko du

Iker Rincon Moreno 2023ko eka. 19a, 09:37

Getxoko Udalbatza berria, Amaia Agirre alkatea buru duela. © GETXOKO UDALA

EAJko zerrendaburu eta azken lau urteotan Getxoko alkate izandako Amaia Agirre aukeratu zuten zapatuan, hilaren 17an, legegintzaldi berrian kargu berean jarduteko. Horretarako, jeltzaleak bere taldeko bederatzi zinegotzien eta PSE-EEren hiruren botoak jaso zituen. Aldiz, Eduardo Andradek, PPren hautagaiak, bere taldeko sei kideen botoak jaso zituen; EH Bilduko Mikel Bildosolak bere kideei seiak; eta Xabier Benitok, Elkarrekin Podemoseko koaliziokoak, bere boto bakarra.

Adin mahaia delakoa, zinegotzi nagusienak eta gazteenak eratuta, hau da, Natalia Aranduy Zuazagoitia (PP) eta Ane Larrakoetxea Vivarrek, hurrenez hurren, Ignacio Etxebarria, Udaleko idazkariagaz batera, osatu ondoren, hautatutako 25 zinegotziek (13 emakume eta 12 gizon) Konstituzioaren zina egin edo, legeak hala aginduta, promestu zuten. Horren ostean, osatutzat eman zuten Udaleko Udalbatza berria.

Jarraian, datozen lau urteotan alkate izateko euren burua aurkeztu zuten PPko, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko zinegotziek hitz egin zuten. Datorren legegintzaldirako proposamenak laburtu zituzten, azpimarratuz, gobernu aldaketa bat beharrezkoa dela. Ondoren, udal agintari gorena hautatzeko ezkutuko bozketa egin eta horretan Amaia Agirre hautatu zuten alkate. Udalburu kargua promestu zuen legeak hala aginduta, eta Natalia Aranduy (PP) adin mahaiko buruaren eskutik aginte-domina eta makila jaso zituen, alkatearen bereizgarri direnak.

Udalbatza-aretora bertaratutakoei zuzenduta, hauteskundetan herritarren, bere alderdiaren eta familiaren aldetik jasotako konfiantza eta babesa eskertu ondoren, alkateak esan zuen “berrikuntzaren eta oparotasunaren sinonimo" dela Getxo. "Pertsonak dira gure politika publiko guztien bihotza, jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa baitute oinarri. Hirigintza inklusibo eta irisgarrirantz doan herri-eredua nahi dugu, getxoztarren beharrizanak erdigunean jartzen dituena eta giza garapen jasangarriarekin konprometituta dagoena. Komunitate kohesionatua gara, abegikorra, sozialki anitza eta askatasunaren nahiz eskubide-berdintasunaren balioekin konprometitua”.

Gainera, Agirrek nabarmen zuen jakin badakiela bigarren legegintzaldi honetan aurretik dituzten erronkak eta lehentasunak:"Nire konpromisoa sendoa da, eta getxotar guztien alde lan egiten jarraituko dut, orain arte egin dudan bezalaxe: erantzukizunez, gardentasunez, pasioz eta arduraz. Eta espero dut bai talde politiko guztien elkarlanaz, bai gizarte-, kultura- eta enpresa-eragile guztienarekin, baita herritarrenarekin ere, Getxo bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko toki are hobea bihurtzeko gai izango garela".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun