Algortako San Inazio jaiak

Kolokili kuadrilla: "Lehenengo momentutik ilusioz eta gogo beterik murgildu ginen jaietan iaz"

Iker Rincon Moreno 2023ko uzt. 27a, 11:06

Kolokili kuadrilla, iazko jaitsieran. © KOLOKILI KUADRILLA

Iazko San Inazio jaietako kuadrilla irabazlea dugu Kolokili, 22 eta 24 urte arteko gazteek osatutako taldea. Diotenez, iazkoa izan zen lehenengo aldia osaera horregaz parte hartzen zutena, eta emaitza agerikoa izan zen, 2022ko Kuadrilla Lehiaketaren garaikurra altxatu baitzuten jaien amaieran.

Algortako San Inazio jaietako kuadrillen txapelketako garaikurra altxatu zenuten iaz, 2022an. Zelan gogoratzen duzue une hori?

Ez genuen inondik inora irabaztea espero. Probak pasatzen eta gure izena taularen goialdean ikusten genituen, eta inork ezin zuen sinetsi. Baina jaiak haur txikien moduan bizi izan genituen une oro.

Bi urteko etenaldiaren ostean, gogorra egin zitzaizuen udako-lehiara bueltatzea?

Guztiz kontrakoa. Denok genuen jaietara itzultzeko eta horietan berriro parte hartzeko gogoa. Lehenengo momentutik ilusioz eta gogo beterik murgildu ginen jaietan. Kuadrilla guztiok edo gehienok genuen itzultzeko gogo handia.

Eta zer sentsazio izan zenuten pandemiaren ostean jaietara bueltatu ahal izatea?

Erabateko ilusioa genuela esan genezake. Izan ere, etenaldiaren aurretik jai batetik bestera pasatzea arrunta zen, baina bi urte horietan jai bakoitzaren berezitasuna baloratzen eta faltan botatzen da. Hortaz, behin horiek hasi zirela egun eta une bakoitzaz topera gozatzea lortu genuen.

Zeintzuk izan ziren 2022ko jaietako proba horiek guztiak irabazteko gakoak?

Egia esanda, ez dakigu. Jaitsieran postu onean geratu ginela ikusi genuenetik, probak ondo egin nahi izan genituen zorterik ba ote zegoen ikusteko, eta hala gertatu zen. Gakoa proba guztietan ondo pasatzea eta disfrutatzea dela esango  genuke. Jakina, proba guztietara aurkeztea eta proba bakoitzean originalak izaten saiatzea garrantzia handia du.

«Proba guztietara aurkeztea eta proba bakoitzean originalak izaten saiatzea garrantzia handia du irabazi ahal izateko»

Aurten, zuei egokituko zaizue pregoia irakurtzea. Zer mezu helarazi gura duzue?

Jaietan pertsona orok duela gozatzeko aukera eta errespetua izan behar dela jaietaz gozatzeko oinarri nagusiena. Errespetua lagunei, lagunak ez direnei, antolatzaileei, goizez garbitzera datorren langileari, etab. Horrekin lotuta, ezinbestekoa da eraso eta jarrera xenofoboen aurrean —eraso matxistak, homofoboak, arrazistak— tinko, arduratsu eta talde bezala jokatzea: denon erantzukizuna da. 

Horretaz aparte, Getxon urtean zehar jasaten diren zenbait egoeraren aurrean desadostasuna adierazi nahi dugu: alde batetik, gure berdeguneekin eta hainbat auzolagun bizi diren etxeekin amaitu nahi duen HAPOaren legea; bestetik, herrian gazteentzat kontsumotik aparterako eremu-falta salatu nahi dugu, gure egoera soziala eta ditugun beharrizanak kontuan hartuz.

Aurten ere parte hartzeko asmorik baduzue? Eta irabazteko?

Noski! Lan egiten dugunok ere egun libreak eskatu ditugu jaietan egon ahal izateko. Baina irabaztea… Iaz gure planen artean ez bazegoen, aurten askoz gutxiago. Batek daki! 

Zer nabarmenduko zenukete San Inazio jaien inguruan?

Kuadrillen artean dagoen giro ona eta Algortako jai-batzordearen lana. Urtero lortzen den giroa oso garrantzitsua da jai herrikoiak aurrera ateratzeko.

Kuadrillen Lehiaketako proba guztietatik, zeintzuk nabarmenduko zenituzkete eta zergatik?

Gehienentzat, jaitsiera, jaiei hasiera ematen dien proba delako eta kuadrillek herriko jendearekin harreman zuzena izateko aukera ematen duelako; elkarrekintza hori oso polita da.

«Proba guztietatik jaitsiera nabarmenduko genuke Kuadrillen Lehiaketan, jaiei hasiera eman dien proba delako eta kuadrillak herriko jendearekin harreman zuzena izateko aukera ematen duelako; elkarrekintza hori oso polita da»

Gau ala egunekoak zarete?

Biak. Jaietan ia ez dela lo egiten onartzen da, beraz, egunez zein gauez gozatzen dugu.

Zelan baloratzen duzue festak prestatzen dabilen jai-batzordearen lana?

Ezinbestekoa. Jai-batzordeak egiten duen lanak forma ematen die bizitzen ditugun jaiei. Oso eskertuta gaude, haiei esker jaiak aurrera ateratzen dira.
Prest egongo zinatekete jaiak antolatzeko zeregin horretan laguntzeko? Bai, ahal dugun heinean laguntzeko prest gaude. Gure ustez, kuadrillen inplikazioa oso garrantzitsua da jaiak aurrera eraman ahal izateko.

Txosnak ixteko ordutegia nahikoa dela deritzozue?

Ez. Jaiak lau egun baino ez dira, ez da ezer gertatzen musikak ordu bat edo bi gehiago irauteagatik.

Iaz askotariko eraso matxistak egon ziren, eta ziztadei lotutako mamua ere presente egon zen. Zer uste duzue egin beharko litzatekeela eraso horiei aurre egiteko?

Oso galdera konplexua da. Argi daukaguna da arazoa ez dagoela jai-giroan bakarrik, gizartean dago oinarria; izan ere, zoritxarrez, horrelako ekitaldiak zigortzen ez dituen mundu matxista batean bizitzen jarraitzen dugu. 

Nolanahi ere, datozen jaiei begira, funtsezkoa ikusten dugu kuadrillek batez ere argi izatea zein den horrelako jarreren aurrean jarduteko protokoloa, iaz, adibidez, txosna-gunean alarma piztu zenean, nahasmena izan baitzen.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun