Atzo goizean zehar eguraldiak ez zuen lagundu, euriak eta haizeak hainbat ekitaldi bertan behera uztera derrigortu baitzuen. Gainera, paellak aurkezteko orduan, epaileek euripean egin behar izan zuten beraien lana. Hala ere, eguraldi txarrak ez zuen giro ona hondatu eta bertaratu ziten milaka herritarrek ondo pasatzeko aukera izan zuten, batez ere arratsaldean, eguraldiak hobera egin zuenean.
Aurtengo Nazioarteko Paella Lehiaketaren irabazlea Kas Galea izan da eta Hoberen-tzun eta Jose’s Taldea izan dira bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren. Gainera, horiez gain, Itxas Argiak 60 sari banatu zituen talde guztien artean. Halaber, irabazleek epaimahaiaren parte izateko aukera izango dute hurrengo urteko paelletan.
Udalaren partea
Ertzaintza emakume batek salatutako sexu-erasoa ari da ikertzen, eta hasiera batean Udaltzaingoak atxilotu bat zegoela adierazi zuen arren, Segurtasun Sailak azaldu du kasua ikertzen ari direla eta momentuz ez dela gertaeragaz lotutako atxilotutakorik egon.
Horrez gain, Udalak jakinarazi du Udaltzaingoak eta Ertzaintzak bina salaketa bideratu zituztela eraikinetan zementua erabiltzeagatik eta 100 litro alkohol inguru konfiskatu zizkietela hainbat adingaberi. Era beran, polizia-agenteek zazpi borrokatan esku-hartu behar izan zuten eta pertsona bat atxilotu zuten jai-esparruan telefono mugikor bat ebasteagatik, eta hiru susmagarri identifikatu zituzten, jai-esparruan ustez lapurtzeagatik.
Horrez gain, larrialdi-zerbitzuetako langileek 77 osasun-arreta kasu izan zituzten, horietako bi etilismoagatik eta 12 ospitaleratu behar izan zituzten.
Garbiketari dagokionez, Udal-iturriek azpimarratu dute daborduko lehiaketaren gune ofiziala garbi dagoela, eta gainerako eremuan iaz hasitako protokoloa jarraitzen ari dira, hau da, beira eta ontziak gaika biltzen ari dira hainbat udal-langile, eta, ondoren, zurezko egiturak kenduko dituzte.
Udalak gaineratu duenez, barikura arte, hilak 28ra arte, zerbitzua indartuko dute hogei bat pertsona gehiagogaz (guztira 35), eta espero dute barikutik aurrera garbiketa-zerbitzua ohiko baliabideekin mantentzea.