Aipatutako eraso matxisten aurrean, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu zuen atzo, martitzenean. Horretan, udal-ordezkariek erabat baztertu eta deitoratu dituzte generoen berdintasun ezan oinarritzen diren jarrera sexisten eta matxismoaren ondorioz sortutako eraso guztiak. Era berean, elkartasuna adierazi gura izan diote erasoa jasan duten emakumeei, "bai eta babesa eman ere".
🟣 #Getxo|ko herritarrek Algortako jaietan salatutako erasoak eta genero-desberdintasunean oinarritutako jarrera sexisten ondoriozko eraso oro salatu zituzten atzo arratsaldean. pic.twitter.com/kMUUW7zrjd
— Getxoko Udala (@GetxoUdala) August 3, 2023
Horrez gainera, azpimarratu dute indarkeria erabiltzen duenaren erantzukizuna dela beti, "eta erasoa jasan duten emakumeak erruduntzat jotzea saihestu behar dela". Gogoratu dute sexu-erasoak justifikatzen dituen testuingururik ez dagoela, jaiak barne, eta erasotzaileen profilik ez dagoela errepikatzen du; "hala ere, Emakunderen arabera, emakumeen aurkako sexu-eraso gehienak (eraso guztien % 80a) biktimarekin nolabaiteko lotura edo harremanen bat zuten pertsonek egin dituzte", azpimarratu dute udal-arduradunek.
Halaber, Udalak berdintasunaren eta errespetuaren balioetan oinarritutako gizarte bat lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, "non emakumeek askatasunez erabaki ahal izango duten norekin, noiz eta nola izan sexu-harremanak, eta, azken batean, haien borondatea erabat errespetatuko den".