"Aurrean izango gaituzue, erasotzaile eta konplize guztiak!", baieztapen horregaz bukatu zuten atzoko elkarretaratzea Algortako Mugimendu Feministako kideek. Azken egunotan udalerrian salatutako hiru eraso matxistak gaitzesteko deitu zuten mobilizazioa, eta horri erantzunez ehunaka pertsona batu ziren Telletxe plazan. Bertan, feministek gogoratu zuten jaien bezperan aurtengo ikasturteko lana laburbiltzen zuen bideo bat zabaldu zutela, eta bertan "gozatzeko eta kaleak kolorez beterik ikusteko irrikan" zeudela esan zuten, baita eremu publikoak hartu eta egoera errepikakor eta ez-bidezkoen erantzule zuzenak seinalatu ere, "nazkatuta gaudela esanez, baina tinko segi egingo dugula gogoraraziz".
Alabaina, azken egunotan udalerrian izandako ospakizunak ez dira esperotakoak izan, eta gutxienez hiru eraso matxista salatu direla jakin da: bat Getxoko Nazioarteko Paella Lehiaketaren egunean eta beste bi Algortako saninazioetan. Hala, erasook gogor gaitzetsi zituzten atzoko elkarretaratzean bildutakoek.
Hiru eraso salatu dituzte, baina kide feministek argi dute beste hamaika jazarpen ere egon direla, "badakigulako eraso egiten digutela sistematikoki". Hori dela eta, haien babesa eta laguntza helarazi gura izan diete jazarpenak pairatu dituzten emakume guztiei, bai eta haien senideei ere. "Eta, nola ez, egunero biolentziak jasaten dituzten horiei guztiei ere".
Azpimarratu zuten ez diotela etsiko eraso oro kalean salatzeari, ikusarazteari, borrokatzeari, "inork isildu nahi baldin bagaitu ere". Deitoratu zuten eraso eta erasotzaile gehiegi dagoela kontu bakana balitz bezala jokatzen jarraitzeko. "Botere- eta pribilegio- kontua baita hau, emakumeen* aurkako gerra, azken finean".
Hori dela eta, halako eraso matxistak kalean salatzea, herritarrak mobilizatzea, funtsezkoa dela nabarmendu zuten Algortako Mugimendu Feministako kideek. "Azken finean, hau ez da emakumeok* dugun arazo bat, nahiz eta gu garen gorputz eta bizitzetan pairatzen dugunak. Hau jendarte osoaren gaitza da. Eta erasoak amaitzeko ardura denona da".
Indarkeria desaktibatzeko deia gizonei
"Guk, emakumeok*, indarkeria identifikatu behar dugu, arbuiatu, eta horri aurre egiteko eta gure sareak antolatzeko tresnak eman, elkarrekin errazago eta hobeto egiten baitugu aurrera", aurreratu zuten atzo. Horrez gainera, gizonei dei egin zieten emakumeen aurkako indarkeria eta eraso guztien desaktibazioan inplikatzeko: "Eraso asko gelditzeko, ahotsa altxatzeko eta 'bortxaketaren kulturaren aurkako' ekintzak antolatzeko giltza duzue. Etxean, kuadrillan, lantokietan, jaietan, komunikabideetan, erakunde publikoetan, banaka edo arduradun politiko gisa, gizon guztiek inplikatu behar duzue, beste alde batera begiratu gabe, zuen ingurune eta eragin-eremuetan esku hartuz".
Gune moreak
Indarkeria matxistaren aurkako neurriak har daitezen, urte osoan egiten du lan mugimendu feministak. Oraingoan, besteak beste, Getxoko jaietan Gune moreak martxan jartzea ahalbidetu dutela nabarmendu zuten atzo, udalerriko ospakizun jendetsuenetan egongo direnak: "Erabil itzazue, informazioa jasotzeko, laguntza eskatzeko, arreta jasotzeko, salaketak egiteko".
Ildo horretan, udal-gobernuko kideei dei egin zieten feminismoa haien jardunean eta erabakietan susta dezaten, "urte osoan zehar". Hedabideei, bestalde, sentsazionalismoa alde batera uzteko eta feminismoa lehenesteko eskatu zieten; herritarrei, aldiz, erasorik ez onartzeko eta erasotzailerik ez babesteko exijitu zieten.
Erasoak gaitzesteko elkarretaratze instituzionalak
Gaur, eguaztenean, Getxoko Udalak elkarretaratze isil bi egingo ditu: lehenengoa, 12:00etan, udaletxearen aurrean, eta, bigarrena, 19:30ean, Telletxeko puntu lilan.
View this post on Instagram