Itxas Argia dantza-taldea: "Momentu polit hau gogoz disfrutatu nahi dugu"

Iker Rincon Moreno 2023ko abu. 10a, 08:31

Dantzak aldatzen dituzten arren, urterik urtera Lekeitioko Kaixarranka errepikatzen dute Portu Zaharreko ekitaldian. © ITXAS ARGIA

Urtero, Portu Zaharreko jaietako une berezia da, ilunabarrean, Itxas Argia dantza taldeko kideak ikustea hormatzar handian. Diotenez, 30 kidek antolatzen dute ikuskizuna, 25 dantzari eta bost musikari, baita kontratatutako hainbat teknikari ere, «jantziak atontzeko jostunak eta boluntarioak ahaztu gabe».

Urtero legez, hormatzar handian dantza-ikuskizuna egingo duzue. Zer berezitasun du ekitaldi horrek?

Teknikoki ekitaldi konplexua da. Batetik, kontuan hartu behar da urrunetik ikusteko dantzaldia dela; hortaz, beti saiatzen gara dantza oso koreografikoak aukeratzen, mugimendu handikoak, eta material desberdin asko sartzen ikusgarritasuna bermatze aldera —arkuak, ezpatak, edota makilak—. Bestetik, ordubeteko iraupena izaten du, atsedenik gabe. Horrek zuzenean eragiten du dantzen aukeraketan: dantzariak bi edo hiru azpitaldetan banatu behar izaten ditugu, batzuk dantzan ari diren bitartean besteak jantziz aldatu ahal izateko eta alderantziz. Izan ere, garrantzia handia ematen diogu dantza bakoitza tokiko jantziarekin aurkezteari. Azkenik, musikarientzako ere lan gogorra izaten da ordu betez atsedenik gabe musika zuzenean jotzea.

Eta zuentzako, berezia da?

Duda barik, urte mordoa daramagu bertan dantzatzen. Portu Zaharretako jaiak herriko kuttunenetarikoak izanik, guretzat ohorea da jai-batzordeak urterik urtera gugana jotzea. Bestalde, lekua bera ere zoragarria da. Plazera da itsasoaren ondoan dantzatzea eta, are gehiago, gauez egin ahal izatea. Dantzaldi honek xarma berezia du dantzari zein ikusle moduan gozatu ahal izateko. Inoiz eduki dugu sustorik eguraldiarekin eta bertan behera utzi behar izan dugu, baina normalean aldeko izaten dugu.

«Uda denboraldi gogorra eta oparoa izaten da euskal kulturaren alde lan egiten dugunontzat, jai herrikoiekin lotura zuzena baita. Gure kasuan, Paellak eta Portu Zaharreko dantzaldia izaten dira jarduerarik garrantzitsuenak, baina bada besterik»

Urtez urte ibilita, aukeratutako dantzak aldatu egiten dituzue?

Urtero dantzaldi desberdin bat prestatzen dugu propio Portu Zaharrerako. Egia da pieza asko errepikatzen ditugula ondo funtzionatzen dutela dakigulako. Hala ere, Euskal Herri osoko dantzak aurkeztea gustatzen zaigu eta, gure folklorea hain aberatsa izanik, oso erraza da dantzak ez errepikatzea. 

Portu Zaharrak badu dantza propiorik?

Guk dakigula ez da dantza berezik inguru honetan. Dena den, bada gure dantzaldian urterik urtera errepikatzen den dantza bat: Lekeitioko Kaixarranka. Batzuetan Matelotarekin (otzaren dantza) nahasten dugu eta beste batzuetan gordinik aurkezten dugu. Dantza benetan  ikusgarria da eta, gainera, oso-oso antzinakoa (XV-XVI mendeen bitartekoa). Arrantzaleen kofradiako diruzain berriak kontuak eta sosak gordetzen zituen ka(i)xaren gainean dantzatzen omen zuen hasieran. Mendeetan ohitura hau aldatuz joan da eta gaur egun San Pedro egunez antzezten da. 

Uda ekitaldiz beteriko garaia izan ohi da dantzarientzako... Zuen kasuan, gainera, bata bestearen atzetik ekitaldi garrantzitsuak dituzue, hala nola Nazioarteko Paella Lehiaketa eta, ondoren, Portu Zaharreko jaiak. Gogorra egiten zaizue?

Itxas Argia dantza-taldea izen bereko elkartearen baitan sortu zen eta, ondorioz, ezin daiteke bata bestea gabe ulertu. Uda denboraldi gogorra eta oparoa izaten da euskal kulturaren alde lan egiten dugunontzat, jai herrikoiekin lotura zuzena baita. Gure kasuan, Paellak eta Portu Zaharreko dantzaldia izaten dira jarduerarik garrantzitsuenak, baina bada besterik: San Juanetako ospakizuna, ezkontzetarako kontratazioak edota Andra Mari eguneko dantzaldia (abuztuak 15). Irailean hartzen dugu normalean merezitako atsedena.

Dantza-taldeko zeintzuk kidek parte hartuko dute Portu Zaharreko ekitaldian?

Dantzaldi hau dantza taldeko nagusiok eskaintzen dugu (14 urtetik aurrera). Orokorrean, 30 pertsonak hartzen du parte, 25 dantzarik eta bost musikarik gutxi gorabehera. Kontuan hartu behar dira ere jai-batzordeak kontratatzen dituen argi eta soinu teknikariak. Halaber, era ez zuzenean jende gehiagok hartzen du parte, esaterako, jantziak atontzen dituzten jostunak edota aipatutako Kaixarranka eusten laguntzen diguten boluntarioak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun