Asier Garcia buru duen taldeak aise bete du bere helburua Europako Txapelketan, alde batetik zilarrezko domina lortuz, eta bestetik 2024ko Parisko Paralinpiar Jokoetarako txartela ziurtatuz.
Arrakasta lortzeko, getxoztarraren taldeak ziklo honetan bide zail samarrean sufritzen eta korapiloak gainditzen jakin du. 2021eko Europako Txapelketan zazpigarren postuagaz konformatu eta aurtengo Dubaiko Munduko Txapelketatik kanpo geratu eta gero, lan handia egin ondoren, defentsa solidario eta joko korala eginda aurrera egiten jakin du.
Rotterdamen, Herbehereetako aurkako porrot mingarriaren ondoren, gurpildun aulkiko saskibaloiko Espainiako gizonezkoen selekzioak bi garaipen sendo lortu zituen final-laurdenetarako sailkatzeko. Alemaniaren aurkako porrotak multzoko hirugarren postuan jarri zituen eta, beraz, final-laurdenetan Turkiaren aurka jokatu eta mendean hartu zuten, sufritu arren.
Finalerdietan, etxeko taldea izan zuten zain: Herbehereak; daborduko multzoen fasean garaitu zuen horrek Garciaren taldea, baina, oraingo honetan, getxoztarraren konbinatuak aurrera egin eta bere egin zuen partida.
Hala, 2024ko Parisko Paralinpiar Jokoetarako txartela poltsikoan zutela, finalean aurkari handia zuten aurrez aurre, Britainia Handia. Espainiak Europako hiru final jokatu ditu eta hiruretan galdu du, hain zuzen ere, aurkari honen aurka: Parisen, 1995ean; Wałbrzychen (Polonia), 2019an; eta Rotterdamen (Herbehereak) oraingo honetan.