Bestelako turismo- eta mugikortasun-eredu bat aldarrikatu du Getxoko EH Bilduk gurutzaontzien terminalean

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 19a, 14:30

Gaur egindako ekimenaren argazkia. © GETXOKO EH BILDU

Gurutzaontziek sortzen duten kutsaduraren inguruko azterlan bat egitea, horien kopurua mugatzea eta horiei tasa-ekologikoa ezartzea proposatu du gaur Getxoko EH Bilduk. Horretarako, ekimen aldarrikatzailea egin dute hainbat lagunek gaur eguerdian Getxoko terminalean, "Eredu honi ez!" letrak irudikatuta, "turismo eta mugikortasun hau iraultzea beharrezkoa dela" aldarrikatzeko.

Koalizio abertzaleak gogoratu duenez, aurten 80 kruzero baino gehiago heldu dira Getxoko portura, "inoizko kopururik handiena", eta EH Bilduk nabarmendu duen bezala, "oraindik ez dakigu zehazki zein den gurutzaontziek gure kostaldean sortzen duten eragina, zenbatekoa den sortzen duten kutsadura, ezta zer nolako ekarpena egiten dion gure herriko ekonomiari ere".

Egoera horren aurrean, "eta kontuan hartuta gurutzaontziak direla garraiobiderik kutsakorrena", euren kopurua mugatzea proposatu du talde subiranistak: "Erakundeak harro agertzen dira aurten inoiz baino kruzero gehien helduko direlako Getxoko kaira, baina argi dago eredu hau ez dela jasangarria eta beharrezkoa dela aldatzea, are gehiago larrialdi klimatikoaren ikuspegitik". Norabide horretan, koalizio abertzaleak proposatu du tasa ekologikoa edo "ekotasa" bat ezartzea Getxora etortzen diren gurutzaontziei, eta azterlan bat egitea eredu horren inpaktua aztertzeko, arlo guztietan. Hala ere, orain arte, EAJ-PSEren gobernu-taldeak ezezkoa eman dio proposamen horri, gogoratu du EH Bilduk.

Izan ere, EH Bilduk azpimarratu du ez duela bat egiten gurutzaontziek bultzatzen duten mugikortasun eta turismo ereduagaz. "Elitista izateaz gain, 'turismo-arina'-ren eredua jarraitzen du: gurutzaontzi gehienak ordu batzuk baino ez dira egoten Getxoko kaian, ez dute gure herria ezagutzeko tarte nahikorik izaten eta herriko dendari txikiei ez die inolako ekarpenik egiten". Hala, herrian uzten duten ekarpen bakarra kutsadura dela deitoratu du taldeak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun