Etxebizitzen alokairuaren prezioa altua den guneetan tenkatutako eremu deklaratzea onartu du Getxoko Udalbatzak

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 29a, 09:25

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioak onartu zituzten atzo, eguenean, Getxoko iraileko osoko bilkuran, alderdi politiko guztiek –PP izan ezik, aurka bozkatu baitzuen– alde bozkatu ostean. Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) transakzionatu zituen proposamenak eta, hala, etxebizitzen alokairuaren prezioa oso altu duten guneak tentsio handiko bizitegi-eremu deklaratzea onartu zuten udal-ordezkariek, etxebizitzen tokiko eskaintza merkeago egingo duten politika bereziak gauzatzeko asmoz.

Mozioan onetsitako testuak planteatzen du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailagaz lankidetzan aritzeko ereduaren aldeko apustua mantentzea, alokairuko etxebizitza publikoa eta birgaikuntza sustatzeko; bere eskumeneko neurriak ezartzea, Biziguneren bidez etxebizitza hutsak alokairuan jartzea sustatzeko; eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari eskatzea, Etxebizitzari buruzko maiatzaren 24ko 12/2023 Legean ezarritako izapideak betez, tentsio handiko bizitegi-eremuak deklaratzeko udalerrian lege horretako baldintzak betetzen dituzten eremuak, aurretiaz azterketa egin ondoren.

Onartutako beste mozioak

Gainera, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien aldeko botoakaz, ontzat eman zuten bi taldeek aurkeztutako beste mozio bat, zeinaren bidez eskatu zuten Udalak gaitzetsi dezala emakume migratzailea eta Getxoko herritarra den Silviaren aurka Ertzaintzak izandako jarduketa: “Atxilotu zuten eta udalerri honetako polizia-etxera eraman zuten, eta auto judizialean neurrigabekotzat eta gehiegizkotzat jo da polizia-jarduketa”.

EAJ eta PSE-EE abstenitu egin dira eta PP kontra agertu zen bozketan. Mozioak, besteak beste, hauxe planteatu du: “Torturaren eta polizia-jarduketa arrazisten aurkako udalerri izendatzea Getxo, Udalak elkartasuna adieraztea aipatutako herritarrari, beraren aurkako prozesu judiziala etetea eta akordioa Eusko Legebiltzarrera, Lehendakaritzara eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailera bidaltzea, besteak beste”.

EAJk eta PSE-EEk adierazi zuten mozio horretan eskatu dela iritzia emateko polizia-jarduketa jakin bati buruz, "Ertzaintzako agente bati buruz eta erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatuaren delitua egotzi zaion pertsona baten gaineko auzipetzeari buruz. Bi jarduketak sub iudice daude, hau da, epaitzen ari dira eta epai judiziala emateko zain daude. Alderdi humanista gara eta, hortaz, pertsona guztion giza eskubideak defendatzen ditugu”.

PPek ere adierazi du giza eskubideen urraketa gaitzesten duela, baina epaiketaren zain dagoela.

Bitartean, udaletxearen atarian elkarretaratzea egin zuten, 11:30ean, Silviari elkartasuna adierazteko eta kasua salatzeko asmoz.

Mesedeetako aparkalekua handitzea

Bestalde, udal-gobernua legegintzaldi honetan hasiko da aztertzen Itzubaltzeta/Romo-Areetan aparkaleku gehiago jartzeko proposamena, Mesedeetako kalean dagoen aparkalekua handitzeari buruzkoa. Hala adierazi zuten atzoko osoko bilkuran bi alderdiek PPk egindako mozio bati erantzutean; mozio horren bidez, taldeak eskatu zuen gaur egun epaitegien gunean dagoen lurgaineko aparkalekuan lurpekoa ere egin dadila eta gunea urbanizatu dadila, berdegunea sortzeko. Mozioa, baina, ez zen aurrera atera.

Jeltzale eta sozialistek aurreratu zuten lan egingo dutela kokapen berriak aurkitzeko, "Getxoko auzoetan mugikortasuna eta aparkalekuak hobetze aldera". Halaber, irisgarritasuna eta jasangarritasuna sustatzeko hainbat jarduketa jorratuko dituztela iragarri zuten, hala nola Areetako Mesedeetako kalearen zati bat oinezkoentzat egiteko bigarren fasea.

Haien mozioa defendatzeko, PPk esan zuen aparkalekua dela "getxoztarren ardurarik handiena" eta behar hori asetzeko betebeharra duela gobernuak; bestalde, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek jakinarazi zuten aparkalekuak eraikitzea barne hartzen ez duen mugikortasun-politikaren alde daudela, autobus publikoen edo bizikleten hiri-sarea, esate baterako.

Horrez gain, ekainetik gaur egunera arte onetsitako lau adierazpen instituzional jakinarazi zituzten osoko bilkuran: LGTBIQ+ kolektiboaren harrotasunaren eta sexu-askapenaren nazioarteko eguneko adierazpen bat eta sexu-erasoa gaitzesteko hiru adierazpen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun