GetxoBizi 2016ko urtarrilean jarri zuen Udalak martxan eta, ordutik, 170.000 erabiltzailetik gora izan ditu zerbitzuak udalerrian sakabanatuta dauden estazioetako bizikletak mailegatuta; aurten 13 geltoki egon dira, baina 19ra arte egon izan dira. Iaz, urtebetean, GetxoBizik 2.500 erabiltzaile baino gehiago izan zituen, 850 noizbehinkakoak, eta guztira 72 bizikleta mekaniko izan dituzte eskuragarri.
Orain, udalerri barruan edo Itsasadarreko udalerrien artean egiten dituzten eguneroko joan-etorrietan herritarrei bizikleta erabiltzea errazteko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak BizkaiBizi bizikleta-mailegua jarri du martxan. Zerbitzua daborduko indarrean da, eta, arduradunek iragarri dutenez, inplementazioaren lehenengo fasea 2026ra arte luzatuko da, 600 bizikleta elektrikogaz eta 75 karga-estaziogaz, non erabiltzaileek bizikleta jaso eta entregatu ahal izango duten. Hala, urtarriletik aurrera GetxoBiziko 13 estazioak desagertu egingo dira, eta BizkaiBiziko bizikleta elektrikoen 15 puntuek behin betiko ordeztuko dituzte.
Aldundiak sustatutako alokairu-zerbitzuak GetxoBizi erabat ordezteak bizikleten mekanika aldatuko du, berriak elektrikoak baitira, baina baita tarifak ere. Izan ere, 2024tik aurrera, erabiltzaileek ezin izango dute noizean behin ordaindu bizikletak erabiltzeagatik –Getxok, orain, egunean 2 euro edo urtean 10 euro ordaintzeko aukera ematen du–; aitzitik, BizkaiBiziko erabiltzaileek urtean 25 euroko kuota ordaindu beharko dute, 12,5 euro urtea amaitu aurretik eginez gero, hobari gisa.