Elkarrizketak

Ibon Arregi, Swim Camp Getxo: "Euskararen erabilera hauspotzeko zer egin genezakeen hausnartu genuen, eta hala etorri zen IgeriBizi egitasmoa sortzearen ideia"

Iker Rincon Moreno 2023ko aza. 13a, 11:44
Ibon Arregi, Swim Camp Getxo taldeko eta IgeriBiziko kidea.

Euskararen Eguna aitzakiatzat hartuta, Swim Camp Getxo igeriketa-taldeak 24 orduz euskaltzalez bete gura du Algortako Fadurako igerilekua euskararen alde. Ibon Arregi talde horretako kideak azaldu duenez, IgeriBizi egitasmo soziala sortu dute ekimen horretarako, abenduaren 2-3an izango dena. Helburua da euskararen erabilera hauspotzea kirolaren munduan eta, gainera, parte hartzeko izen-emateen eta igeriketa-txanoen salmentaren bitartez lortutako diru guztia EuskarAbentura elkarteari bideratzea, "egiten duten lan bikaina urte luzez egiten jarrai dezaten". Mota honetako lehenengo ekimena izango da abendukoa, baina urtez urte erronkak egitea aurreikusten dute.

Nondik dator IgeriBizi moduko ekimen bat egitearen ideia?

Helduentzako igeriketa-talde bat gara, baina, gure eragin-eremua kirola izan arren, gizartean ere eragitea nahi genuen. Gizarteak baditu behar batzuk, baita ardura batzuk ere. Hala, ikusi ditugun kezkak geureganatu eta saiatu gara ditugun baliabideen bitartez erantzun bat eta ahal dugunari bultzada ematen.

Berbarako, ekainean, ekitaldi solidario bat egin genuen leukodistrofiaren kontrako elkarte bat laguntzeko, eta ia 10.000 euro batu genituen horrentzako. Ondoren, Dalecandelakoek ere deitu ziguten zeharkaldi batean laguntzeko. Hala, elkartean hasi ginen hitz egiten ea zertan gehiago lagundu genezakeen, eta euskararekiko dugun kezka azaleratu zen.

Getxon euskararen erabilera hauspotzeko eta sustatzeko zer egin genezakeen hausnartu genuen, eta hala etorri zen IgeriBizi egitasmoa sortzearen ideia, urte asko mantentzeko asmoarekin datorrena.

Abenduaren 2-3an Fadurako igerilekua 24 orduz euskaraz beteko duzue, eta asmoa da ekimen horren bitartez bildutako diru guztia EuskarAbentura elkarteari ematea. Zergatik horri?

Bere eragiteko eremua Getxo eta Uribe Kosta zuzenean ez izan arren, Euskal Herri osoko gazteengan du eragina, eta hainbat urteko ibilbidea du. Lehenengo ekimen hau xumea izango da, txikia; ez dakigu zer-nolako erantzuna izango duen eta, horregatik, pentsatu genuen EuskarAbentura bezalako elkarte bat aukera ona izan zitekeela edizio honetarako.

Buruan genituen Bizarra Lepoan edo Egizu, baina uste dugu horientzako lan handiagoa egin beharra dugula, eta ekitaldiok handitzen direnerako gordeko ditugu.

Diru hori lortzeko, zein formula erabiliko duzue?

Zenbat kobratu behar genuen jakiteko hausnarketa egin genuen; hasiera batean, 10 euro kobratzea aurreikusten genuen, baina, azkenean, sarrera edo parte hartzeko aukera 5 euroan jartzea erabaki genuen, ahalik eta euskaltzale gehien erakartzeko. Gainera, txanoak ere egin ditugu, 10 euroan saltzen ari garenak. 500 egin ditugu, eta espero dugu denak saldu ahal izatea, diru-ekarpena ahalik eta handiena izateko.

Abendukoaren ondoren, zer asmo duzue?

Guri gustatuko litzaiguke urtero errepikatzen den ekitaldi edo asmo bat izatea hau. Ez dakiguna da zein izango den formatua; guk orain 24 orduz igerian egiteko ekitaldi hau aurreikusi dugu eta, ondo funtzionatzen badu, hala jarraituko dugu; aldiz, agortzen denean, bilatuko dugu beste aukeraren bat. Zoritxarrez, ez dugu uste gure bultzada txiki honekin euskararen egoera asko aldatuko denik, baina gure aldetik ahal dugun guztia egingo dugu, eta urtero errepikatzearen asmoa dugu.

Etorkizuneko ekitaldi horiek Euskararen Egunari lotuta egitea aurreikusten duzue ere?

Bai, data horietan egitea gustatuko litzaiguke. Aurten, igandea izanik, oso aukera ona iruditu zaigu jai giroan aitzakiarik ez izateko igerilekura etortzeko.

Une honetan, zenbatek eman dute izena?

Momentuz, norbanakoentzat ireki dugu izen-ematea bakarrik, eta baditugu 20 bat pertsona. Hala ere, berezia da dagoeneko hainbat elkarte jarri direla gurekin harremanetan, hala nola HIRUKA, Orcamari, Arraultzaldeon eta Haszten. Horrek asko pozten gaitu, eta uste dugu jende askori heltzen ari garela eta Fadura euskaltzalez beteko dugula.

Nolakoa izango da eguna?

Egunean zehar, hiru kale izango ditugu erreserbatuta, bazkideek besteak erabili ahal izan ditzaten. Hala ere, eguerdian eta gauean, igerileku osoa izango dugu erabilgarri. Momentu horietan, gainera, jarduera bereziak izango ditugu.

Horretarako, harremanetan jarri gara Getxo Rugby eta Getxo Igeriketa taldeekin, umeentzako 3x3ko touch-ak eta waterpolo partiduak antolatzeko.

Ekimena Swim Camp elkartetik dator; zer garrantzia du euskarak talde horretan?

Guk badugu berezitasun bat, eta hori da helduentzako taldea garela; gure kideen bataz besteko adina 40-50 urtekoa da. Gehienek ez dakite euskaraz, eta, ondorioz, entrenamenduak gazteleraz idazten ditugu arbelean. Hala ere, azalpenak, pertsonalak direnean, euskaraz ematen dizkiegu euskaldunak diren kideei. Hala, gurean, euskararen presentzia entrenamenduetan handia izan ohi da; entrenatzaile guztiok euskaldunak gara, tituludunak, eta erabilera handia da gure artean. Baina esandakoa, ez da % 100ekoa, baina saiatzen gara.

Euskarak bere lekua du kirolean Getxon?

Ikusten duguna da tokiko kirol elkarteek nahiko lan egiten ari direla euskalgintzan eta euskararen normalizazioan, baina oso zaila egiten zaie kirolera bideratuta dagoen jende profesionala aurkitzea formakuntzarekin eta euskara maila ona duena. Orduan, nahiz eta kirol elkarteek ahalegina egin, errealitatea da entrenamenduetan eta partidu edo txapelketa ofizialetan euskara ia ez dela entzuten, eta hori penagarria da. Badakigu kostatzen dela, esfortzu bat dela, baina bakoitzak apur bat jartzearekin egoera asko hobetuko litzateke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun